Zeru goibela zegoen Bergaran, baina zezen plaza goraino bete da Pentekoste jaietako errekortari txapelketa ikusteko. Lehian ziren ikuskizuna emateko prest hamabi errekortari. Prest ziren, baita ere, Bergarako Zezenak ganadutegiko zezenak: Adarzabal, Baigorri, Buztan-motz, Ordizi eta beste. Animalia dotoreak, guztiak ere, eta pare bat alditan zezen-plazatik barruko korridorera salto egin dutenak.
Txanda bakoitzari zukua ateratzen saiatu dira errekortariak eta lehen tandan figura politak egiten saiatu dira. Finalerako, ordean, lau txartel zeuden, eta Unai Arana Xurra-k, Pedro Caballo Peter-rek, Ander Gallastegik eta Aitzol Azulak egin dute aurrera. Lautik hiru bergararrak.
Finalari ere zukua ateratzen saiatu dira lau mutilak, baina Unai Arana Xurra nabarmendu da. Gainerako errekortariak baino gehiago arriskatu du, eta figura gehiago egin ditu.
Hala, honela gelditu da txapelketa:
- Unai Arana Xurra.
- Pedro Caballo Peter.
- Ander Gallastegi.
- Aitzol Azula.
Omenaldia ganadutegiari eta errekortari eskolari
Txapelketari hasiera eman aurretik hamabi errekortariek prestatuta zeukaten omenaldi txikia egin diote Bergarako Zezenak ganadutegiari zein Bergarako errekortari eskolari. Esker oneko hitzak entzun dituzte Iñigo Almorzak eta Blas Cruzek. Oroigarri bat jaso dute.
Saioa osorik, Goiena telebistan
Txapelketa osorik ikusteko aukera emango du Goiena telebistak, martitzenean. Finalaurrekoa zein finala, sari banaketa eta saioa hasi aurretik egindako omenaldia.
Hurrengo egunetan ere ikuskizun gehiago izango dira Bergarako zezen plazan.