Ume asko ziren eta hiru txandatan banatuta sartu dira areto nagusira. Bertan zain zituzten Gorka Artola alkatea eta Ainhoa Lete, Juanjo Asula eta Juan Luis Gonzalez zinegotziak. Nola ez, Bitorianatxo ere bertan zen.
Banan-banan haur denek zapi bana jaso dute. Lepo inguruan jarri, korapiloa lotu eta ongietorri hitzak jaso dituzte guztiek. Argazkiak ere asko izan dira, nola ez. Egun berezia izan da, zalantzarik gabe, guraso eta senitartekoendako ere. Anekdota moduan esan, Gorka Artola alkatearen umeak ere gaur jaso duela zapi urdina. Aitak jarri dio.
Amaitzeko, ume guztiek eta gurasoek taldeko argazkia atera dute udaletxeko kanpoko aldean. Bergarako erraldoi konpartsako Ximun eta Madalena erraldoiak ere bertaratu dira okasiorako.