Pentekoste jai ofizialen itzulerak ilusioa eta poza ekarri du Bergarara, baita San Joxepe elkartera ere. Ohiko ekitaldiak antolatuko dituzte aurtengo jaietan. Martitzena izaten da Helduen Eguna Bergaran. Bada, martitzenerako bazkaria antolatu dute. San Joxepe elkarteko tabernan izango da, 14:30ean. Tabernan eman behar da izena eta ordaindu ere han ordaindu behar da –19 euro–. Menua izango da: otarrainxkak, zerbaren orri-mamia, okela gisatua, flana, ardoa eta kafea.
Bi urte dira ez dutela helduen bazkaria antolatzen, baina San Joxepe elkarteko kideek uste dute jendea animatuko dela: "Dagoeneko 33 lagunek eman dute izena".
Dantzaldia eta jokoak
Bazkariaren ondoren, dantzaldia egingo dute tabernan bertan. Elkarteko kideen ardura izango da musika jartzea. Jokoak ere egingo dituzte, egoitzan: toka, boloak eta igelaren jokoa. Lehenengo biek sariak eramango dituzte, gainera. San Joxepe elkarteko kideek diote azkeneko bi urteetako egoerak jendearen animoan eragin duela, batez ere erretiratuen animoan. Azkeneko urteetan elkartean dabilen jende kopurua gutxitu egin dela diote, baina itxaropena dute, poliki-poliki, berriro ere egoera lehengora itzuliko dela. "Pertsona nagusien egoera ez da gazteenen modukoa baina poliki-poliki lehengora bueltatuko garela pentsatzen dugu", azaldu dute. Gaur egun, elkarteak, 3360 bazkide ditu.
Nagusien omenaldia
San Joxepe elkarteko kideek maiatzaren 15ean ospakizun txiki bat izan zuten: herriko nagusiak omendu zituzten. "87 urte bete dituztenak omendu genituen. Oso ondo joan zen ekitaldia, 40 bat lagun elkartu ziren; hala ere, ezin izan ziren guztiak etorri", azaldu dute zuzendaritzako kideek. Epe motzera, zuzendaritzaren erronka nagusia da San Joxepe elkartea informatizatzea, eta baita egiten duten lana Bergarako herrian ezagutzera ematea ere.