Musika menuan ere, osagai asko eta askotarikoak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko eka. 1a, 15:02

Musikarekin hasi eta musikarekin amaituko dira jaiak, eta, tartean, bergararrek zein bisitariek denetariko zuzenekoez gozatu ahalko dute; Kerobia, Puro Relajo, Los Zopilotes Txirriaos, Pasadena, Ezpalak eta Añube dira izen aipagarrienetako batzuk.

Pentekosteetako zuzeneko musika eskaintza bereziki indartsu bueltatuko da bi urteko etenaren ostean. Udalaren eta Xaxau jai herrikoien konpartsaren elkarlanari esker musika eskaintza zabala prestatu dute ekainaren 3tik 7ra. Musikarekin hasiko dira jaiak, eta musikarekin amaitu; tartean, kaleak modu ibiltarian girotuko dituzten elektro-txarangetatik hasita, erromeriak, rock taldeak eta DJak izango dira, bereziki, San Martin plaza, herriko kaleak eta aurten Oxirondo azokako aparkalekuan kokatuta egongo den txosnagunea girotuko dituzten aukerak. Jarraian, musika zita esanguratsuenak.

AÑUBE

Txosnagunea / Ekainak 3 / 22:00

Bergara, Arrasate eta Ataun artean sortutako seikoteak ibilbide motza daroa, baina orain arte eman dituzten kontzertuetara jende asko erakarri dute. Taldekideek eurek aitortu dutenez, abesti lasaiak dituzten arren zuzenekoak "biziak" izaten dira. Txosnagunea ederto berotuko dute jaietako lehen egunean.

GARILAK 26

San Martin plaza / Ekainak 3 / 22:30

Duela 11 urte sortu zen erromeria talde bizkaitarraren bereizgarri nagusiak dira zuzenekoetako intentsitatea, bizitasuna eta energia. Gaur egungo abestien moldaketetan darabilten euskal instrumentu tradizionalen presentzia azpimarratu beharra dago; 200 kontzertutik gora eman dituzte. 2017a ezkero, Maddi Elortza bergararra da kideetako bat.

LOS ZOPILOTES TXIRRIAOS

Txosnagunea / Ekainak 3 / 01:00

Jaietako lehen eguna borobiltzeko, Los Zopilotes Txirriaos taldeak ez du inor axolagabe utziko. 2009an jaiotako taldea, napar-mex doinuak eskainiko dituzte; hots, musika mexikarra Nafarroako nortasun zigiluarekin. Parrandarako kontzertua izango da, ezbairik gabe.

KEROBIA

San Martin plaza / Ekainak 4 / 23:00

Bueltan eta indarberrituta dator 2001. urtearen amaieran sortutako Kerobia taldea; 2021eko azaroan Iruñeko Baluarte jauregian emandako kontzertuan iragarri zuten itzulera eta abesti berriekin etorriko dira Bergarara; 2021ean bi disko berri atera zituzten; bigarrena, gainera, bikoitza. Pop-rock doinu landu eta zainduekin dantzan jarriko dute San Martin plaza.

SKABIDEAN

Txosnagunea / Ekainak 4 / 01:00

Ska, reggae eta rocksteady doinuak eskainiko ditu Iruñeko Skabidean taldeak. 200 kontzertu baino gehiago eman dituen taldea izanik, eskarmentu handia dute dagoeneko oholtza gainean; aurten kaleratutako Hiri zahar zikina izeneko disko berriarekin datoz, gainera.

GORA ETORRI

Txosnagunea / Ekainak 4 / 03:30

Zapatuko parranda amaitzeko plan ederra izan daiteke agrodance estiloa lantzen duen taldearekin gora etortzea. Proposamen ezberdina, ezbairik gabe.

PASADENA

Txosnagunea / Ekainak 5 / 19:00

Jon Basagurenek eta Libe Garcia de Cortazarrek 2021ean abiatutako proiektu berriaren lekuko izango da txosnagunea domekan. Urteak dira elkarren proiektuetan lankidetzan ari direla, dela Liberen bakarkako diskoetan, dela Izaki Gardenak taldearen lanetan. Pasadena biek sortutako proiektua da, pop-rock doinuak oinarri dituena.

PURO RELAJO

San Martin plaza / Ekainak 5 / 21:30

Oibarren (Nafarroa) sortu zen Puro Relajo, 2013an. Mexikoko doinu klasikoenetatik hasita, euskal abesti ezagunak ere eskainiko dituzte.

LAKET

Txosnagunea / Ekainak 6 / 20:00

Pentekoste-asteleheneko klasiko bat da Laket erromeria taldea; txosnagunea dantzan jarriko dute, pandemia aurreko urteetan egin izan duten bezala.

EZPALAK

Txosnagunea / Ekainak 6 / 23:00

Rock alternatiboa egiten duen talde zestoarra indarberrituta dator pandemiak eragindako geldialditik. Fuzz gitarrak; psikodelia-kutsuak eta noisea; riff potenteak; punk boladak eta malenkoniaz bustitako pop doinuak eskainiko dituzte.

LUKIEK

Txosnagunea / Ekainak 6 / 01:00

Belako taldearekin ezagun egin zen Josu Ximun Billelabeitia buru duen Lukiek taldeak itxiko du Pentekoste-asteleheneko txosnaguneko musika eskaintza. Antton Goikoetxea baxu-jolearekin eta Christian Rodriguez bateria-jolearekin batera proposamen oso indartsua osatzen du Lukiekek, euskaraz abestutako rock alternatiboa egiten duen taldea.

VOCES NAVARRAS

Irala kalea / Ekainak 7 / 13:00

Jaietako azken eguneko bermuta girotzeko, Nafarroako jota saio interesgarria eskainiko du Voces Navarras taldeak.

DJ BULL

San Martin plaza / Ekainak 7 / 20:00

Bitorianatxoren igoerarekin batera Pentekosteetako azken ekitaldia izango da DJ Bullen eskutik helduko den animazioa.

Beste ohiko emanaldiak ere bueltan

Ohiko Pentekosteen itzulerarekin bueltan datoz jaietan klasikoak diren emanaldiak, eta, testuinguru horretan, ezinbestekoa da bandaren ekarpena aipatzea. Ekainaren 3an, Aspacekoek suziria bota eta Bitorianatxok udaletxeko balkoian lur hartzearekin batera, 1950a ezkero jaiei hasiera ematen dien Pobres y alegres martxa joko du bandak, eta gero, kalejiran joango dira. Horrez gain, domekan kontzertua eskainiko du bandak Espoloian. Honako pieza hauek eskainiko dituzte: Jose Rafael Pascual Villaplanaren Yakka, Georges Bizet-en L'Arlesienne, Carl Wittrock-en Crossroads, Itoizen Itoizen bost doinu eta Kees Vlak-en Las playas de Río. Bandaz aparte, badira bestelako proposamen batzuk, hala nola Joxe Mendizabalek gidatuko duen familiei zuzendutako erromeria saioa, ekainaren 3an, Seminarioko karpan (21:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak