Hainbat herri otordu, jaietan indarra hartzeko

Uxue Igarza Loiola 2022ko mai. 30a, 16:00

bergararrek festaz eta otorduez elkarrekin gozatzeko, bi hitzordu jarri ditu udalak: herri bazkaria eta auzolanean egindako parrillada. bestetik, lau otordu antolatu dituzte Xaxau konpartsakoek; tartean, jaiei hasiera emateko ikasleen bazkaria.

Sekula ez dute hutsik egiten herri bazkariek eta afariek, eta aurtengo Pentekoste jaietan ere aukera zabala izango da otorduez herrikideekin gozatzeko.

Ekainaren 6an, paella erraldoia izango da herri bazkariko pro- tagonista. Paellas Arraun Euskadik egingo du, eta, gainera, show cooking saioa ere emango dute. Postrea, berriz, Mujika eta Larrañaga gozotegiek egingo dute, eta kafea Sirimiri jatetxeak eramango du. Txartelak eskuragarri daude, hilaren 30era arte, www.seminarixoa.eus webgunean eta Seminarixoko leihatilan; haragidun paella platera, postrea, kafea, ogia, ura, edalontzia, mahai tresnak eta zapia sartzen dira erosketaren barruan. Bazkariaren egunean, beharrezkoa izango da QR kodea aurkeztea. Bestetik, azaldu dute menu beganoa nahi dutenek edo alergia kasuren bat dutenek Kultura Zerbitzura deitu dezaketela (943 77 91 59). Eguraldi txarra egiten badu Seminarioko karpan egingo da bazkaria, baina, iragarpena ona bada, San Martin plazan egingo da eta 700 bat lagunendako lekua egongo da.

Horrez gain, Udalak eta Oxirondo Aisialdi Guneko gurasoek antolatuta, herri parrillada izango da ekainaren 3an, 20:30ean, Seminarioko karpan. Ekainaren 1era arte eskuratu daitezke tiketak, Izotz postuan.

Aurten, afari senegaldarra

Txosnetako egitarauari erreparatuta, urtero bezala, presoen aldeko bazkaria egingo da –Xaxauk eta Gure Artean elkarteek antolatuta– ekainaren 4an. Tiketak Arrano eta Pol-Polen daude salgai, eta honako hau da menua: entsaladilla errusiarra, txibiak tintan, karrillerak eta arrozesnea.

Hurrengo egunean, ekainaren 5ean, Txomingero Bazkaixa egingo da. Nork bere jatekoa eramatea da bazkariaren funtsa, eta txosnagunean mahaiak eta aulkiak egongo dira erabilgarri.

Eguna amaitzeko, afari senegaldarra izango da txosnetan. Izan ere, Xaxauk aurreratu duenez, aurtengo talde omendua Ndank Ndank da, eta, tradizioari eutsiz, haiei tokatuko zaie afaria egitea. Arroza eta oilaskoa izango dira osagai nagusiak, senegaldarrean prestatuta, eta, afaria egin bitartean, nola prestatzen duten erakutsiko dute. 100 bat lagunendako jatekoa egongo da, eta arratsaldean hasiko dira tiketak saltzen, 8 euroren truke.

Ikasle eta erretiratuek ere bai

Jaiei hasiera emateko, ekainaren 3an, Ikasle Bazkaixa egingo da, Seminarixoko karpan. Xaxauk antolatu du hori ere, eta tiketak Arrano eta Pol-Polen daude salgai, 5 eurotan.

Gazteez gain, San Joxepe elkarteko erretiratuek ere ohiturari eutsiko diote, eta ekainaren 7an bazkaria eta dan- tzaldia egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak