Aspaceko lagunak ilusio handiz, suziria botatzeko prest

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko mai. 30a, 11:00

Agustin Toledo, Aritz Bikuña eta Eneko Ziarsolo jaietako kartelarekin.

Bergarako Aspace elkarteko kideen eskutik helduko dira, aurten, Pentekoste jaiak. Haiek botatako txapligua entzundakoan jaitsiko da Bitorianatxo udaletxeko balkoira eta orduan lehertuko da festa. Herritarrei eta bisitariei ondo pasatzeko dei egin diete.

Agustin Toledok, Aritz Bikuñak eta Eneko Ziarsolok botako dute suziria aurten udaletxeko balkoitik. Aspace elkarteak 50. urteurrena du eta makina bat ekintza egiten ari da Gipuzkoa osoan zehar. Bergarako Pentekoste jaietan ere protagonista izango dira, eta poz ikaragarria da Aspaceko kide guztiendako. "Ikus gaitzaten nahi dugu. Garrantzitsua da; izan ere, jende askorendako Aspace beste mundu bat da, eta ozen esan nahi dugu ez garela gaixoak. Garuneko paralisia dugu; ez da gaixotasun bat, lesio bat baizik, eta Aspace aspalditik dago Bergaran", azaldu du Aritz Bikuñak. Une oso berezia izango dela argi dute Bikuñak, Toledok eta Ziarsolok. "Asko gara Aspace Gipuzkoan. Guztira, eta helduendako bakarrik bederatzi zentro daude lurraldean. Horrekin batera, etxebizitzak, umeendako zentroak eta abar luzea daude... Denen izenean botako dugu suziria. Festa beste alde horretatik bizitzea oso berezia izango da. Urduri egongo gara, txiribitak urdailean!".

Jaietan erasorik ez

Suziria bota osterako plana egiten ari dira Aspaceko kideak. "Ziurrenik, ogitarteko bat jateko plana egingo dugu, afaltzeko", aurreratu dute. Gustuko dute herriko egitasmoetan parte hartzea. Toledok eta Bikuñak Osasun Sarean, Bergara Oinez egitasmoan eta irisgarritasun eta berdintasun batzordeetan parte hartzen dute. "Bergara 2030 plan estrategikoan ere hartu dugu parte", zehaztu du Toledok.

Bi urte jairik gabe egon eta gero, Aspaceko lagunen iritziz berez izango dira bereziak aurtengo Pentekoste jaiak. "Nahiko genuke denok asko gozatzea, eta horrekin batera dena lasai eta giro onean joatea; pertsonekiko errespetuz eta inolako erasorik gabe. Izan daitezela denok gozatzeko moduko jaiak!".

San Martin plaza beteta

Jaien hasiera une oso berezia izango dira festazale guztiendako, eta Bergarako Aspaceko kideendako zer esanik ez! Biku-k eta Agus-ek botako dute suziria datorren egubakoitzean, baina Aspace osoaren izenean. "Askotan izan naiz txupinazoan. Asko gustatzen zait bertan egoten den giroa", adierazi du Aritz Bikuñak. "Suziria pizteko proposamena egin didate eta ilusio handia egiten dit", dio Agustin Toledok.

Hainbeste jenderen aurrean urduri jarriko direla diote, baina ondo prestatuta joango dira, eta lagunez inguratuta. "Plaza, egun horretan, sardina-lata izaten da. Denok joango gara. Batzuk balkoian egongo gara eta beste batzuk plazan. Kamiseta bereziak prestatzen ari gara; mahoi kolorekoak eta Aspaceren 50. urteurreneko logo handi handiarekin, ondo ikus dadin. Gero, besoak zabalik egingo diogu harrera Bitorianatxori".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak