Mariaren Lagundiaren ikasturte amaierako jaia eta azoka solidarioa hilaren 21ean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko mai. 17a, 15:11
Mariaren Lagundiko ikastetxe amaierako jaia, 2019an.

Bergarako Mariaren Lagundian egun osoko jaia antolatu dute zapaturako; tartean, Gobernuz Kanpoko Erakundeen azoka solidarioa egingo dute Espoloian (10:30-13:30).

Mariaren Lagundiak ikasturte amaierako jaia egingo du bihar, hilak 21ean. Egun osoko egitaraua antolatu dute: suziri jaurtiketa eta ginkana (10:30); musika eskolako dantza taldea eta udal txistulari banda (11:15); umeendako puzgarriak (11:30etik 14:00etara eta 15:30etik 18:00etara); Trekorde taldearen kantaldia (12:00); pintxo lehiaketa (12:00); mojei agurra eta ikasleen dantza ikuskizuna (13:00); ortuko otarraren zozketa eta sari banaketa (13:30); bazkaria eta bingoa (14:40); magia ikuskizuna (16:00etatik 17:00etara); DJ festa Oihan Vegarekin (17:00etatik 19:00etara); eta Lagunditxoren igoera (19:00). Jarraian batukada egingo dute eta kalera irtengo dira festarekin jarraitzera.

Azoka solidarioa, Espoloian

Bi urteko etenaldiaren ostean, ikasturte amaierako jaiaren egun berean antolatuko dute azoka solidarioa, 10:00etatik 13:30era, Espoloian; helburua da gobernuz kanpoko erakundeei euren lana ezagutzera emateko gunea eskaintzea eta salmenten bitartez abian dituzten proiektuetara bideratzeko dirua batzea. Euskal Herrian lanean diharduten hamar bat Gobernuz Kanpoko Erakunde bilduko dira; tartean, Mariaren Lagundiko FISC erakundea. Erakunde horiek egiten duten lanaren berri emateaz gain, askotariko produktuak salduko dituzte eta tailerrak eskainiko dituzte.

Erraldoiak ere batuko dira

Horrez gain, erraldoi taldekoek kalejira egingo dute goizean zehar eta DBHko ikasleek aurpegiak margotzeko txokoa jarriko dute, dardo eta bola jaurtiketez gozatzeko aukera egongo da, askotariko zozketak ere egingo dituzte... Taberna ere jarriko dute, 10:30etik 19:00etara, eta Ariznoa guraso elkarteko ordezkariek dei egin diote Mariaren Lagundiko hezkuntza komunitateari zapatuan ikastolako arropak jantzita irten dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak