Aranzadi ikastola: mende erdia herriarekin ospatu nahi dute, aurrera jarraitzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko mai. 13a, 15:45

LHko hirugarren mailako ikasle guztiak, 1991ko otsailaren 18an; 1991n ospatu ziren lehen Kilometroak Bergaran. Argazkia: Aranzadi.

Aranzadi ikastolak asteon aurkeztu ditu 50. urteurreneko ospakizunak, eta lehen ekintza da gaur bertan Aroztegin irekiko duten erakusketa. Maiatzaren 28an izango da urteurreneko festa nagusia, egun osoko egitarauarekin; herri osoa gonbidatu dute jaira. Atzo, maiatzak 12, jarri zituzten salgai hilaren 28an San Martin plazan egingo den bazkarirako txartelak; 486 txartel jarri zituzten salgai eguraldi txarra egiten badu bazkaria udal pilotalekuan egin ahal izateko, eta ordu erdian saldu ziren txartel guztiak. Adierazi dute eguraldi ona bermatzen denean jarriko dituztela salgai txartel gehiago.

2021eko ekainean bete zituen Aranzadi ikastolak 50 urte, eta, pandemiak eragindako atzerapenaren ostean, "indarberrituta, gogotsu eta ilusio biziz" dago ikastolako komunitatea urteurrena ospatzeko. Bergarako ikastola gaur egunera nola heldu den ulertzeko, baina, atzera begiratu beharra dago; horretarako, 50 urteotan ikastolako zuzendari izan diren Fernando Etxeberria, Inazio Arregi, Patricia Urrutia eta Ane Barruso elkarrizketatu ditu GOIENAk, eta baita gaur egungo zuzendari Agurtzane Loidi ere.

Hasiera, domingotarrei helduta

Gaur egun Iruñean bizi den Fernando Etxeberria izan zen lehen zuzendaria. Domingotarra zen, eta domingotarrek erabateko garrantzia izan zuten ikastolaren sorreran. Seminarioan irakaskuntza jardunean ziharduten, eta ikastola martxan jarri nahi zuten gurasoen aurrean jarrera ona erakutsi zuten hasieratik. Ikastolako lokalak Seminarioan kokatzearen truke eskaera batzuk egin zizkieten gurasoei; tartean, ikastolako zuzendaria Seminarioko erretore Fernando Etxeberria izatea, hilero 2.000 pezetako errenta ordaintzea eta erlijio eskolak domingotar batek ematea. Hala ere, onarpen juridikoa lortzeak lan asko eman zuen, garai hartan ez zelako erraza baimen ofizialak lortzea. Etxeberriak "sekulako borroka" gogoratzen du: "Domingotarrok Seminarioa irakaskuntzara bideratzen genuenez, Gobernuak ezin gintuen handik bota. Hori bai, ikastolakoei esanda nien eskolak behin egonkortu ostean Gobernuak ez zituztela botako eta nik zuzendari izateari utziko niola. Eta hala egin nuen". Etxeberriak aitortu du oraindik ere bihotzean daroala 1975eko uztailaren 10ean legalizatu zuten ikastola: "Eta Bergara, oro har. Urte asko egin nituen han".

1980-1999: hainbat mugarri

Aranzadi ikastolako zuzendari gisa urte gehien egin dituena Inazio Arregi izan da, ia bi hamarkada oso egin zituen eta. 1981eko maiatzeko batzar orokorrean, elkarte izatetik kooperatiba izatera pasatzeko jauzia eman zuen Aranzadik; Arregik gogoratzen duenez, irakasle batzuek ez zuten garbi ikusi izaera juridikoaren aldaketa hura, baina aurrera egin zen kooperatiba moduan.

1991ko Kilometroak. Beste bi alditan antolatuko zuen jai berezia Aranzadik, 2007an eta 2016an. Argazkia: Aranzadi.

"Beste inflexio puntu bat" izan zen 1991-1992ko ikasturtean baimenik gabe ere batxilergoa ematea erabaki izana: "14 urtera arte eskaintza motz geratzen zela ulertuta baimena eskatu genuen Delegazioan, batxilergoa emateko, baina, baldintza guztiak betetzen genituen arren, ukatu egin ziguten. Modu alegalean batxilergoa ematen hasi ginen, ikasleak Donostiako Santo Tomas Lizeoan matrikulatuta; Fernando Buesa Hezkuntza sailburu zela, gogoan dut ikuskatzaile bat etorri zela eta pasilloetan elkartu ginela. Ikuskatzaileak bazekien non zeuden gelak, baimen eskaerarekin batera horren berri ere eman genielako, eta esan zidan gelak ikusi nahi zituela. Esan nion ezetz, hor atzean ez zegoela ezer eta ez zela hortik pasatuko. Esan zidan pasatzen utzi ez niola zioen dokumentu bat sinatzeko, eta nik sinatu egin nuen; bakoitzak bere rola jokatu zuen orduan, eta kito. Gerora ez zen ezer pasatu, hor geratu zen kontua".

Sasoi haiek "oso gogorrak" izan ziren, Arregiren arabera: "Zatiketa itzela zegoen arlo guztietan eta tentsio handiko garaiak izan ziren. Jarrerak oso polarizatuak zeuden; gaur egungo prismatik ikusita pentsaezina dirudi, eredu ezberdinek modu oso naturalean egiten dute bat herri batean. Baina garai haietan oso bestelakoa zen egoera...".

Batxilergoko lehen promozioko ikasleak Pirinioetan, 1994ko uztailean. Argazkia: Aranzadi.

Jende gutxik gogoratuko duen gertaera bat ere ekarri du gogora Arregik: "Akta-liburuak oso ondo gordetzen genituen, eta ez dakit ze urtetan Gipuzkoako Federazioak Aranzadiren historia jasotzen zuen dokumentazio guztia eskatu zigun. Gipuzkoako ikastola guztien historia jaso nahi zuten eta esan genien gurera etortzeko eta erakutsiko geniela nahi zuten guztia. Baina behin eta berriz eskatu ziguten dokumentazioa pasatzeko eta akta-liburu batzuk pasatu genizkien; akats handi bat izan zen, Martutenen zituzten lokal batzuetara eraman zituztelako eta ur handi batzuetan gure akta-liburu horiek betirako galdu zirelako. Ez dakit esaten zenbaterainoko garrantzia duten liburu horiek, baina ikastolaren historiaren zati bat ur handi haietan galdu ziren betirako".

1999-2008: eraikina lortu dute

1999tik 2008ra zuzendari izan zen Patricia Urrutiak "lorpen historiko" bat gogoratzen du: "Udalarekin Seminarioa erabiltzeko akordioa lortu genuen; horri eta dirulaguntza batzuei esker azpiegitura mailan obra garrantzitsu batzuk egin genituen gure eskaintza pedagogikoa zentralizatzeko. Obren artean aipatzekoa da, adibidez, behar gorria zuen fatxada margotu genuela". Pedagogia eta zerbitzu osagarriei dagokienez, XXI. mendeko erronkei heldu zietela dio Urrutiak: "Zaintza zerbitzua eskaintzen hasi ginen ordutegi zabalagoarekin, haurtzaindegi zerbitzuarekin hasi ginen, eleaniztasuna proiektuaren barruan ingelesaren irakaskuntza goiztiarrarekin hasi ginen, teknologia berriei begira informatika parkea handitu eta berritu genuen...".

Zuzendari moduan egin zuen azken txanpan heldu zen 2007ko Kilometroen jaia, Argi daukagu leloarekin: "Azpiegiturak berritzeko horrenbeste lan eta borroka egin ostean, ikaragarria eta hunkigarria izan zen ikustea kolektiboa nola batu zen; egunean bertan eguraldi zoragarria izan genuen eta ezin hobeto irten zen dena". Zuzendari egin zituen urteak "gogorrak eta borroka askokoak" izan arren, "oso esperientzia aberasgarria" izan zela dio Urrutiak. 

2008-2018: pedagogia berria

Ane Barrusok hartu zion lekukoa Patricia Urrutiari, eta eraldaketa pedagogikoa du gogoan: "Pedagogia berritzaile bat jarri genuen martxan, ikaslea protagonista eta irakaslea laguntzailea izango zena. Irakasleei esfortzu handia ekarri zien, eredu berri batean jantzi behar izan zutelako eta ia dena berria zelako. Baina ilusioa ere sortu zuen komunitate osoan; urte politak izan ziren". Demasa lelopean 2016ko Kilometroak antolatu zuen Aranzadik Barruso zuzendari zela; hain zuzen ere, eraldaketa pedagogiko hartarako "ezinbestekoa" zen instalazioak berritzera bideratu ziren etekin ekonomikoak.

Hirugarren solairua, obra aurretik. Argazkia: Aranzadi. 

Hirugarren solairua obraren ostean; 2018ko uztailean amaitu zen obra. Argazkia: Aranzadi. 

2018-gaur egun: COVID-19a

2018a ezkero Agurtzane Loidi da ikastolako zuzendaria. Pandemia da, zalantzarik gabe, Loidiren lehen urteak erabat baldintzatu dituen aldagaia: "Hezkuntza proiektua berritzeko lanean ari ginela harrapatu gintuen pandemiak. Egoera berrira eta ezezagunera oso azkar egokitu behar izan dugu eta egiteko moduak erabat aldatu behar izan ditugu; teknologia aldetik gauza asko ikasi behar izan ditugu bat-batean". COVID-19ak eragindako egoera gainditzen ari garen honetan, aurrera begira jarri da Loidi: "Bi erronka nagusi zehaztu ditugu: batetik, 2019-2020ko ikasturtean birdiseinatutako hezkuntza proiektu berria sozializatu nahi dugu; eta, bestetik, komunitatea ehuntzen jarraitu nahi dugu ikastolaren proiektua sendotzeko".

Urteurreneko ospakizunekin komunitatea ehuntzen jarraitu nahi dute, eta baita Bergarako herriari "emandako guztiaren zati bat" itzuli ere.

50. urteurrena ospatzeko ekintzak

Erakusketa Aroztegin, maiatzaren 13tik ekainaren 5era

• Inaugurazioa gaur izango da, 19:00etan. Poesia, zuzeneko musika, aurreskua eta lore-eskaintza egongo dira.

Maiatzaren 28ko festarako ekintzak

• 10:30 Txistularien diana.

• 10:30etik 15:00etara Artisauen eta sortzaileen azoka Eixu elkartearen eskutik, Irizar kalean.

• 11:00etatik 13:00etara Umeendako jolas parkea, Usondon.

• 12:00 Moises Azpiazu dantza taldearen emanaldia, Muniben.

• 13:00 Flash-mob-a, Olaso dorrearen aurrean.

• 13:30 Trikitilarien kalejira, Bergarako Musika Eskolaren eskutik.

• 14:00 Herri bazkaria, San Martin plazan. Bazkalostean bingo girotua eta photocall-a egongo dira.

• 17:30 Musika maratoia, Munibe plazan.

• 17:30 Erraldoien eta kilikien kalejira.

• 18:30 Ikastolako txaranga.

• 19:30 Mugi panderoa taldearen kontzertua, San Martin plazan.

• 22:15 Gozategi taldearen kontzertua, San Martin plazan.

• Jarraian Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek taldearen kontzertua, San Martin plazan.

Oharra:

Herri bazkarirako txartelak atzo jarri zituzten salgai lehen aldiz. 486 txartel jarri ziren salgai, eguraldi txarrarekin bazkaria udal pilotalekuan egingo delako, eta ordu erdian saldu ziren txartel guztiak. Antolatzaileek adierazi dute txartel gehiago jarriko dituztela salgai eguraldi ona bermatzen denean eta bazkaria San Martin plazan egingo dela ziurtatzen denean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak