The Badass Project proiektua 2020ko ekainean sortu bazen ere, duela lau urtetik ari dira elkarrekin lanean. Argazkilaritza-estudio bezala funtzionatzen dute. Enpresetarako bideoak nahiz ezkontza eta familia erreportajeak ere egiten dituzte; azken horiek, argazkilaritza dokumentalean zentratuta.
Argazkilaritza dokumentala lantzen duzue erreportajeetan.
Lan dokumental klasikoak ikustean, bagenekien bioi gustatzen zitzaigula. Orduan esan genuen: "Zergatik ez gurera ekarri?". Uste dugu, luzera, bat-bateko argazki horiek eramaten zaituztela ospakizuneko unera. Anekdotak jasotzen dituzten irudiak gustatzen zaizkie bezeroei. Aurretik ezkontza munduan ibiliak gara, eta, korronteak bultzatuta edo, askotan, sortzen dituzun edukiak beste argazkilariek sortzen dituzten berdinak dira. Beraz, zergatik ez jarri zalantzan argazkilaritza mota hori?
Zer ikusi daiteke zuen argazkietan?
Argazkietan naturaltasuna jasotzen saiatzen gara. Benetan gertatzen denaren momentu erreala jaso nahi dugu, posatu barik. Ezkontza bateko ohiko egoerak ere jasotzen ditugu; egun horretan sortzen diren uneak direlako, ez guk sortzen ditugunak.
Zein motatako bezeroak dituzue?
Gurekin lan egitea aukeratu duten pertsonak oso naturalak eta arruntak dira. Askok esaten digute ez zaiela posatzea gustatzen. Hasieratik argi izan dugu zer nahi genuen egin, baina zalantzak ere bagenituen, zaila delako estereotipoetatik ateratzea. Hala ere, jendearen harrera oso ona eta baikorra izan dela ikusi dugu.
Neurrira egindako ezkontzak
"Bezeroek ezkontza egunean zer egin behar duten galdetzen digute, eta nahi dutena egiteko esaten diegu, euren eguna da. Badirudi ezkontzetan gauza batzuk ezarrita daudela, baina nork bere gustura antolatu behar ditu. Ezkontza ez da kuadrikulatua. Penintsulaz kanpoko argazkilarien irudietan ikusten dugu jendeak norbere neurrira egiten dituela ezkontzak, norbere gustu eta zaletasunen arabera. Hori egitera animatzen dugu jendea".
Lanaren alderik onena eta txarrena?
Onena monotonian ez jaustea da. Gure proiektuan sinesten dugu guk, eta guk aukeratzen dugu nola bideratu gure lana. Txarrena, batzuetan denera ezin heldu izatea. Gure proiektuaren atzean lanordu asko daude.
Batzuk festan dabiltzan bitartean, zuek lanean.
Guk ere ondo pasatzen dugu, pribilegiatuak sentitzen gara. Astero aukera daukagu familien bizitzetan sartzeko eta istorio horiek guztiak kontatzeko. Ateratzen ditugun argazki mota horrek asko betetzen gaitu.
Eskuko telefonoak zuen konpetentzia dira?
Errealitatearen parte dira, eta ezin gara horien kontra joan. Fenomenoa gelditu ezin dugunez, hobe da aliatu eta erabili. Gonbidatuek eskuko telefonoekin ateratzen dituzte argazkiak; beraz, une horiek ere gure argazkietan integratu behar ditugu, konnotazio positiboarekin.