'Kafekonpon' egitasmoa San Joxepera itzuli da

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko mai. 12a, 19:00
Dozena bat lagun bildu ziren pandemiaren osteko aurreneko 'Kafekonpon' saioan. (Argazkia: Aitor Agiriano)

Kafe baten bueltan, etxean apurtuta dauden tresna txikiak konpondu eta berrerabiltzea du helburu ekimen honek; bi urtez jarduna etenda egon bada ere, hileko bigarren eguaztenetan izango du hitzordua datozen hilabeteetan.

Osasun egoera dela-eta bi urtez geldirik egon da Kafekonpon ekimena. Aste honetan, ordea, berriro bueltatu da San Joxepera; zehazki, eguazten arratsaldean. Dozena bat lagun elkartu ziren mahaiaren bueltan: batzuek etxean hondatuta zituzten tresnak eraman zituzten; beste batzuk, berriz, horiek konpontzeko lanean aritu ziren.

Gorka Artola alkatea ere bertaratu zen aurreneko saio horretara. Haren hitzetan, "baztertutako tresnak berrerabiltzeko eta berria erosi aurretik konpontzeko saiakera egin beharko litzateke etxe guztietan". Mahaiaren bueltan zirenek ere argi daukate: "Askotan eskulana ez da baloratzen, eta horrelako ekimenekin ikusten da zenbat denbora behar den objektu bat eraberritzeko".

Helburu bat baino gehiago

Pili Arin da antolatzaileetako bat, eta ekimen horrek hainbat helburu dituela adierazi du: "Alde batetik, birziklatu egin nahi dugu eta, era berean, kontsumoari kontra egin nahi diogu".

Bestetik, jasangarritasunaren aldeko apustua egiten dute: "Hemen egonda ikusten duzu mugimendu bat dagoela. Talde batek borondatez lan egiten duela, gailuei beste bizitza emateko".

2013a ezkero martxan

2013an abiatu zen Kafekonpon ekimena Bergaran. Iñaki Satorretxe izan zen bultzatzailea: "Aldizkari batean irakurri nuen Europako zenbait herrialdetan Cafe Repair izeneko egitasmoa zegoela. Hondatutako tresnak konpontzen zituzten bertan, kafe baten bueltan". Ideia hori ingurukoen artean zabaldu zuen, eta hainbat arlotan trebeak diren pertsonekin osatu zuten taldetxoa. Horrela, haiek ere kafe baten bueltan hasi ziren tresnei beste bizitza bat ematen.

Etxean hondatuta dauden eta erabiltzen ez diren tresnak konpontzen dituzte; horrela, beste aukera bat ematen diete gailuei. Hortaz, baztertutako tresnak dituzten eta haiek konpontzen laguntzeko prest dauden herritarrak batzen ditu ekimenak. Doan egiten dute konponketa eta edozein tresna txiki eraman daiteke. Aste honetan, ileko plantxak, kafe-makina, bozgorailuak, txigorgailuak eta tren elektrikoa konpondu dituzte, besteak beste.

Pili Arinek adierazi duenez, "gizonak nahiz emakumeak, gazteak... denetarik etortzen da". Gailua konpontzen duten bitartean denak mahai bueltan egoten dira begira edo ikasten. Hala ere, bada lanean hasten denik ere: "Asko esku trebeak dira, eta animatu egiten dira gurekin eurek ekarritako tresnak konpontzen. Batzuetan, gainera, erreminta faltagatik-edo zaila egiten zaigu konponketa etxean egitea. Guk hemen era guztietako tresneria daukagu".

Datozen hilabeteetan ere izango du jarraipena ekimen horrek. Hileko bigarren eguaztenetan elkartuko dira, arratsaldeko lauretan, San Joxepen. Herritarrak gailuak berrerabiltzera animatu ditu boluntario taldeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak