50 urte igaro eta gero, agur Alai taldeari

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko mai. 6a, 14:02

Alai taldeak 50 urteko ibilbideari agur esango dio domekan. (Argazkia: Alai taldea)

Herria eta inguruko txokoak alaitu ostean, maiatzaren 7an Seminarioan esango dio agur 50 urteko ibilbideari. Hamalau abesti kantatuko dituzte, eta Bergarako Orkestra Sinfonikoa, Orfeoia eta Aritzeta abesbatza izango dituzte lagun eszenatokian

Musikarekiko eta abestearekiko zaletasunak batu zuen lagun-talde bat 1971n. Musika dute pasio, eta, joan diren tokira joan direla ere, kantuan ibili dira beti. Ondorengorik ez du taldeak, eta, ondorioz, ibilbideari agur esango dio domekan, hamalau kanturekin. Kontzertu bereziaren prestaketa lanetan dabiltza Xabier Olabarria, gaur egungo zuzendaria, eta gainerako kideak, 50 urteren ostean eskainiko duten azkena izango baita.

Azken bi urteetako pandemiaren albo-kalteak nabaritu ditu Alai taldeak ere. Olabarriaren esanetan, "nahikoa izan da pare bat beldurtuta egotea, jardunari ez ekiteko". Azken kontzertua atzeratu egin behar izan dute, taldekide guztiak oholtzan batera agurtzea baita helburua. Hain zuzen, urte hauetan guztietan ibilbide oparoa izan du Alai taldeak.

Taldearen sorrera

1971n sortu zen Alai, baina 60ko hamarkadan daude aurrekariak. 1972ra arte, Olabarria ez zen taldera batu. Hala ere, honela gogoratu ditu hastapenak: "Bergaran musika popularra euskaraz lantzen zuen Amezlariak taldeak, baina desegin egin zen. Gure Ametsa talde parrokiala, berriz, zuzendari gabe geratu zen. Horrenbestez, bateko zuzendariarekin eta besteko kideekin sortu zen Alai".

Bergarako mugak hausten

Bergarako auzoetako festa askotan aritu dira: "Ia urtero joan izan gara Elorregira, hango San Prudentzio jaietara. Frontoian hasiera ekitaldian abestu dugu, baita mezan ere". San Blas eta Ubera auzoetan eta Bergara bertan ere eskaini dituzte kontzertuak, besteak beste. San Martzialgo erromerian ere hartu dute parte.

Bailarako herrietan ere egon da aukera Alai taldearen doinuak entzuteko. Adibidez, Eskoriatzan eman zuten azkenetariko emanaldia, pandemia aurretik.

Euskal Herritik kanpo ere egin dituzte trukeak. "Esaterako, Asturiasen eta Iparraldean egon izan gara, trukeak egiten eta gonbidatuta. Denbora-pasa joaten gara. Taldekideok irteerak ere antolatzen ditugu, eta leku guztietara joaten gara kantuan". Urte osoan zehar astero entseatzen dutela adierazi du, eta ia dei guztiei eman dietela baiezkoa. Ezkontzetan abesteko ere deitu izan diete. Kontzertu kopuruari buruz galdetuta, honela dio: "Gure jarduerak ez ditugu kontzertu bezala hartu".

Musika estilo zehatzik ez

Beste egile batzuen kantuak abestu dituzte, gehienbat. Gaur egungo zuzendariak aitortu du pare bat kantu sortu dituztela, baina, orokorrean, ez dutela sortzailerik eduki taldean. Sasoian sasoiko abestiak kantatzen dituzten arren, abestiak moldatzen saiatu dira: "Kantu herrikoak, espiritualak nahiz ez-espiritualak apaindu ditugu. Denetarik abestu dugu. Domekan, esaterako, Deep river abesti afrikarra entzun ahal izango dute Seminariora bertaratzen direnek: Deep river, deep river... [abestuz]".

Abesbatzen arazoa

Une honetan, hamazazpi lagunek osatzen dute Alai taldea: "Gehiago eta gutxiago ere izan gara, baina hamabostetik ez gara sekula jaitsi. Gainera, hamabi beti mantendu izan gara. Norbait sartzeko prest bazegoen, ongietorria izan da".

Abesbatzek, ordea, errelebo arazoa daukate, eta duela urte batzuk Alai taldea desagertzekotan egon bazen ere, aurrera egin zuen. Kasu honetan, ordea, agur esango du. Gazteek zergatik ez dute abesbatzetan izena eman nahi? Olabarriak argi dauka: "Iniziatibarik ezagatik. Kanturako joera badago ere, errazagoa da kirol-taldea sortzea. Gazteek ez daukate eredurik. Euskal Herrian asko konposatzen da, fama handiko konpositoreak ditugu, baina jendea ez da animatzen. Jendea abesten hasiko balitz, dei-efektua sortuko litzateke. Lau pertsona behar dira lau ahotsetan kantatzeko, eta gero, gehitzen joatea da".

Alairen kasua ez da bakarra. Hain zuzen ere, Bergarako San Joxepe abesbatza ere kideak bilatzeko arazo berarekin dabil. 2019ko urrian eskaini zuen azken kontzertua, eta, bi urteko etenaldiaren ostean, egoera zailean dago. 45 partaide zituen pandemiaren aurretik, eta "etenaldiak zenbat eta gehiago iraun, orduan eta zailagoa izango da itzulera", zioen Ramon Amasorrainek, taldeko zuzendariak, GOIENAk eginiko elkarrizketa batean. "Abestu edo abesten jarraitu nahiko zukeen erretiratutako pertsona oro animatu nahi dugu. Guztiak izango dira ongietorriak, badakigu-eta Bergaran jendea badagoela abestea gustatzen zaiona, baina, bereziki, tenoreak eta sopranoak behar ditugu".

Agurreko kontzertua

Alai taldearen aroa maiatzaren 7an amaituko da, arratsaldeko zortzietan, Seminarioan. Talde omenduaz gain, Bergarako Orkestra Sinfonikoa, Bergarako Orfeoia eta Aritzeta abesbatza igoko dira oholtzara. Guztira, hamalau abesti prestatu dituzte, eta horietatik hiru Alai taldeak bakarrik abestuko ditu. Hala ere, Xabier Olabarriak baieztatu du laugarren bat prestatuta daukatela, badaezpada. "Ordubete inguruko kontzertua ematea da asmoa, baina ez dugu asko luzatzerik nahi. Entzuleentzat ere ez da batere ederra luzatzea".

Sorpresak sorpresa, zerbaiten jakitun bada Olabarria: "Uste dut 50 urte hauetan zuzendari izan garenoi zerbait ematea pentsatu dutela. Horretaz gain, gure historia laburtzen duen ikus-entzunezko piezaren bat proiektatuko da hasieran. Gehiago ez dakit; baldin badago, niretzat ere sorpresa izango da".

Mende laurdena Alai zuzentzen

Alaik izan duen hirugarren zuzendaria da Xabier Olabarria. 1996-1997 bitartean hartu zuen kargua. Zuzendariak taldea zuzentzeko ardura izaten du, baina, haren esanetan, "ez da ardura taldea zuzentzea. Ondo egiteko ardura daukat soilik. Gustuko gauza bat egiten dut, eta taldekideek ere hala egiten dute. Gustatzen zaigulako gabiltza kantuan, eta kirol-talde baten antza daukagu: norbera hobetuz gero, taldea ere hobetu egiten da". Zuzendariaren gustuek ere markatzen dute taldearen estiloa, eta beltz espirituala eta errusiar erritmoa gustatzen zaizkio. Etxean jaso du musikarako pasioa, eta hori nabaritu da elkarrizketan zehar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak