Hitzen ahairea kantagintzari buruzko ikastaroa eskainiko dute Gotzon Barandiaran idazleak eta Rafa Rueda musikariak Bergara, bihar, arratsaldeko 19:00etan, musika eskolan.
Euskal kantagintzan sakontzeko aukera eman nahi dute, eta, horretarako, parte hartzaileekin batera hainbat galderari erantzunak bilatzen ahaleginduko dira, hiru saiotan: Zelan kantatu dute gure idazle eta musikariek Euskal Herria? Zein eragin izan dute idazle eta musikarien artean sortutako kantek euskaldunon imajinarioan? Zein alde dago historia liburuetan erakusten digutenaren eta idazle eta musikarien artean sortutako kantek kontatzen dutenaren artean? Zein zen kantaren funtzio soziala XX. mendean? Eta zein da gaur egun? Galdera horiei erantzuteko hainbat baliabide erabiliko dituzte: batetik, kantariek eta musika taldeek abestietarako erabili dituzten testuak landuko dituzte; bestetik, kantarien eta poeten arteko harremanak aztertuko dituzte. Gainera, kantatu ere egingo dute ikastaroan.
Izena eman nahi dutenek 943 76 36 61 edo 605 71 24 69 telefono zenbakietara deituta edo jardunkultura@topagunea.eus helbide elektronikora idatzita.