Manu Muniategiandikoetxea: "Ikerlari klasiko baten moduan ibiltzen naiz"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko api. 14a, 10:33

Manu Muniategiandikoetxea margolari eta eskulturagile bergararra.

Margolanak, eskulturak eta marrazkiak batu ditu Manu Muniategiandikoetxeak Donostiako Altxerri galerian duen Duda da dudana-Conflictos paralelos erakusketan.

Maiatzaren 14ra bitartean izango ditu askotariko artelanak ikusgai "oso gustuko" duen Donostiako arte galeria ezagunean.

2015ean izan zenuen Altxerri galerian azkenekoz erakusketa. Pozik itzuli zara?

Beti da plazera etxean erakustea, betiko lagunekin elkarlanean eta bertako jendearentzako. Oso gustuko dudan arte galeria da, garai bateko galerien izateko modua du, gaur egun sortutako gehienek beste modu baten ulertzen dute-eta artea eta baita artelanak ere.

Duda da dudana-Conflictos paralelos da izenburua. Zer adierazteko?

Bildumen izenak bi hizkuntzatan jartzeko ohitura dut, baina ez bata bestearen itzulpen moduan, baizik eta bi esaldiek dutelako gorputz eta izaera ezberdina. Duda da dudana pandemiaren aurretik Madrilen egin nuen Du-da erakusketarekin lotuta dator. Isla bat du dadaismoarekin eta horrek ematen dio, nire ustez, nire lanarekiko parekotasun moduko bat. Beste artista batzuen lanak berrirakurri egiten ditut eta ikerketa horietatik ateratzen dira gero nire lanak. Serie horren muina edo jatorrizko elementua Frantziako margolari Cezanneren akuarela txiki bat da. Hortik azaldu zen egitura matematiko bat, geometriarekin lotuta, eta hortik dator izenburuaren bigarren partea, eta, aldi berean, gaur egun munduan orokorrean dauden arazoei ere erreferentzia egiten die bigarren esaldian.

Beste artista batzuen lanetatik abiatuta, baina zure markarekin. 

Lehenengo ideia hori sortu daiteke artelan batetik edo baita ikusi dudan film bateko une batetik ere. Cezannerena, esaterako, aspalditik nuen buruan. Hiru zuhaitz eta adar batzuk ikusten ditut nik paisaia horretan, eta, hortik abiatuta, dena biluztu ondoren, bi lerro paralelo eta karratu moduko batzuk ondoren. Ikerlari klasiko baten moduan ibiltzen naiz, proba-akatsa behin eta berriz.

Manu Muniategiandikoetxea: "Beste artista batzuen lanak berrirakurri egiten ditut eta ikerketa horietatik ateratzen dira gero nire lanak"

Formatu eta material askotariko hamabi lan daude.

Hala da, bai; alde batetik, bi dimentsioko koadroak daude, eta, bestetik, eskulturak ere badira, azken horiek formatu eta material ezberdinekin egindakoak. Azkeneko hiruzpalau urteetan erabilitako egiturekin egindakoak dira batzuk; burdinazkoak direla diruditen arren, egurrarekin egindakoak dira; Aleksandr Rodchenkoren lan batetik abiatutako ideiatik sortutakoak. Eta porlanezko eta eskaiolazko pieza batzuk dira beste batzuk, egin nituen lehenengoak. Horiez gainera, nire beste alderdi bat erakutsi dut marrazkien bitartez; pieza edo serie batekin lanean hasten naizenean, ohitura dut marrazkiak egiteko, sortzeko unerik askeena izaten da niretzako, bizia eta oso automatikoa. Bada, espraiarekin egin ditudan bi marrazki daude ikusgai.

Tailerrean fin eta emankor ari zara.

Garai ilunak pasatu ditugu eta lanean tope ibili naiz; esango nuke, arte diziplina guztietako sortzaile gehienak bezala. Sekula baino lan gehiago egin dut, ez zegoen-eta besterik, eta, gainera, artistok bizitzeko behar dugun zerbait da, baina ez materialki bakarrik, baizik eta gure tailerrean gabiltzalako gustura. Artistok lan egiten lasaitu egiten gara. Egunero joaten nintzen estudiora, eta, lan egiten baduzu, gauzak ateratzen dira.

Aktibatu da artearen gurpila?

Bazirudien baietz; Inauterietan Arco azokan egon nintzen, eta, iazko uztailekoa baino hobea izan zen arren, ez zen ohikoa izan, baina Ukrainiako gerra hasteak berriz dena moteltzea ekarri du. Artea ez da lehentasunezko beharra.

Artista moduan ze puntutan zaude?

Nortasun agiriak dio adin bat dudala, buruz eta izatez betiko moduan ikusten dut neure burua, eta artelanei begiratuta heldutasun bat dudala esango nuke.

Manu Muniategiandikoetxea: "Arte galerietan sartzeko beldurrik ez izan; ikusi lasai eta gozatu, ez da azterketa bat"

Gomendiorik emango diguzu Altxerriko erakusketa jarraitzeko?

Orokorrean, galerietan sartzea zerbait elitista moduan ikusten du jendeak; bada, ahalik eta gehienetara joateko aholkatuko nizueke. Lasai sartu galerian, dastatu, ez da azterketa bat, eta, ikusitakoa gustatu edo ez, zerbait positiboa aterako duzue, seguru. Ikusleak bukatzen du artistak hasi duen bidea.

Muniategiandikoetxeak Donostian dituen lan batzuk. Argazkia: Altxerri galeria

Bi eta hiru dimentsioko lanak

Azken bost urteetatik hona egin dituen hamabi obra bildu ditu Bergarako artistak Donostiako Altxerri galerian: margolanez gain, hainbat formatu eta materialekin egindako eskulturak eta espraiarekin egindako marrazkiak batu ditu bilduma horretan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak