'Harixa' ekimena abiatu du Bergarako Udalak, lan-munduan euskara sustatu asmoz

Jon Irizar Aranguren 2022ko api. 12a, 13:19

Apirilaren 7an egindako lan-mahaiko une bat. (Argazkia: Bergarako Udala)

Bergara izan, bizi, ekin planean jaso bezala, lan-munduan euskara sustatzeko Harixa egitasmoa jarri du martxan Bergarako Udalak. Lan-mahai bat osatu dute "aitzindari" diren enpresekin, eta "esperientziak emandako praktika onak" gainontzeko enpresen eskura jarriko ditu ekimenak. Apirilaren 7an egin zuten aurrera begirako ildo nagusiak zehazteko lehen bilera.

Emun aholkularitza enpresaren gidaritzapean, apirilaren 7an bildu zen lehen aldiz Harixa egitasmoa osatzen duen lan-mahaia. Bertan izan ziren Miguel Altuna, Enpresare, Soraluce, Erreka, Elay, Fagor Ederlan, Lazpiur, Ecenarro, Mondragon taldea eta Jarduneko ordezkariak, ekimenaren sustatzaile den Bergarako Udalarekin batera. Euskara-plan integralak dituzte batzuk; lantokiko prestakuntza euskaraz eskaintzen dute besteek; eta badira Euskaraldian parte-hartze aktiboa izan dutenak ere.

Bergara izan, bizi, ekin planaren baitan, euskara lan-munduan sustatzeko "aitzindari" diren enpresetatik abiatuta euskararen normalizazioan urrats berriak ematea da egitasmoaren helburua. Bide-orria, beraz, garbia da: "Esperientziak emandako praktika onak" oinarri hartuta, gainontzeko enpresetan eragitea.

Maiatzetik aurrera

"Esperientzia handia" duten enpresa, hezkuntza zentro eta elkarteek egindako lan-mahaian aurrera begirako ildo nagusiak zehaztu zituzten. Lehentasun gisa laneko prestakuntza euskaraz egin ahal izatea adostu zuten. Bergarako Udalak ohar bidez adierazi duenez, maiatzetik aurrera hasiko dira gainerako enpresekin biltzen, eta erabakita dago lan-mahaiak egingo dien oinarrizko proposamena: "Enpresa bakoitzean lantalde txiki bat osatzea eta bertako hizkuntza egoeraren diagnostikoa egitea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak