Zerbitzu psikosozial eta psiko-hezitzailearen balorazio "ona", jardunaren lehen seihilekoan

Jon Irizar Aranguren 2022ko api. 11a, 19:16

Udaleko ordezkariak Ibargarai kalean dagoen zentrora egindako bisitako une bat. (Argazkia: Bergarako Udala)

Bergarako Udalak 2021eko ekainean abian jarritako zerbitzu psikosozial eta psiko-hezitzailearen balorazioa egin du. Lehen seihilekoan bazterkeria, mendetasun edo babesgabetasun arriskuan dauden adingabeen arreta "ona" izan dela adierazi dute; zenbakitan, 10 esku-hartze egin dituzte, 26 herritar artatuz.

Gizarte eta hezkuntza arloan zein arlo psikosozialean esku-hartzeko zerbitzua birplanteatu ostean, Udalak lehiaketa bidez Lorratz enpresari esleitu zion Bergaran bazterkeria, mendetasun edo babesgabetasun arriskuan dauden adingabeak artatzeko eskumena. Terapeuta baten eta bi hezitzaileren gidaritzapean, familia-bizikidetza hobetzea, familiako kideen arreta eta zaintzarako trebetasunak hobetzea, edota autonomiaz moldatzeko aukera erraztea eta ahalbidetzea dira zerbitzuaren helburuak. Urteko kostua 153.400 eurokoa da.

2021eko ekainean abian jarritako ekimenaren lehen seihilekoko balorazioa egiteko bildu ziren Udaleko ordezkariak eta zerbitzuaren arduradunak martxoa erdialdean. Besteak beste, behin-behineko alkate zen Ainhoa Lete, Herritarren Batzordeko lehendakari Ekaitz Aranberri, Gizarte Ongizateko zinegotzi Zihortza Marzan, eta EAJ-PNVko bozeramale Maite Agirre izan ziren Ibargarai kaleko zentroa bisitatzen.

Balorazio "ona"

Bergarako Udalak prentsa ohar bidez adierazi duenez, zerbitzuaren lehen hilabeteetako balorazioa "ona" da. 2021eko ekainetik abendura 10 kasutan egin dituzte esku-hartzeak, eta bi kasu larri Foru Aldundira bideratu dituzte. Orotara, 15 heldu eta 11 adin txikiko artatu dituzte; sexuka, 11 emakume eta 15 gizon.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak