Bertsoak, dantzak eta askotariko doinuak prest Erramu Zapaturako

Jone Olabarria 2022ko api. 8a, 12:15

Eguraldia lagun, 2019ko Erramu Zapatuan egindako dantzak.

Bi urteren ostean ohiko formatura bueltatuko den Erramu Zapatuaz gozatzeko kultura eskaintza zabala prestatu dute. Seminarixoko bertso saioarekin gaur hasi, eta kalejira eta dantza saioa egingo dute bihar eguerdian Musika eskolako ikasleek Iralan.

Ohiturari jarraituz, bezperan egingo duten punta-puntako bertso saioarekin hasiko dira Bergaran Erramu Zapatuko os- pakizunak. Udalak Kopla Barik bertso-eskolaren laguntzarekin antolatutako saioan, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldia izango dira Seminarixoko agertokira igoko diren bertsolariak, eta, dagoeneko klasiko bilakatuta, Ibon Leibar Txinbo arituko da gai-jartzaile lanetan.

Bertso saioak izan ohi duen arrakastaren seinale, agortuta daude sarrerak; izan ere, herritarren artean "errotuta" dagoen saioa da Erramu Zapatu bezperakoa, urtetik urtera herritar gehiago erakartzen dituena. Umorea oinarri Ibon Leibar Txinbok azaldu duenez, ohi moduan, "pare bat gai serio" izango dira saio hasieran, baina ostean, umoreak hartuko du protagonismoa: "Erramu Zapatua bera eta giro ona sustatzeko gaiak plazaratzea da asmoa. Beti umoretik lantzen dugun saioa izaten da Erramu Zapatukoa, publikoak ondo pasatzeko helburuarekin egiten dugu. Jolas moduko batzuk ere egingo ditugu, eta bertsolarien eta ikusleen harremana estua izatea espero dugu aurtengo bertso saioan".

Gaztetxoenak protagonista

Bertsozaletasuna gaztetxoenen artean sustatzeko asmoz, eta etorkizuneko herriko bertsolarien harrobiaren erakusle, Jardun euskara elkartearen haur eta gaztetxoen bertso eskolako bederatzi umek saioan parte hartu eta puntua jarriko diete bertsolariei. Iluntzeko saiorako "gogoz" daudela azaldu dute: "Ume eta gaztetxoak pozik daude bertsolariak ezagutu eta haiekin egoteko aukera izateagatik. Ilusio berezia zuten eta aukera polita dela iruditu zitzaigun. Korrika- ren bueltako bi puntu botako diete bakoitzak, bertsolariek erantzuteko".

Askotariko kale animazioak

Herritarrek azokaz gozatzen duten bitartean, kaleetan zehar ibiliko dira Aurtizko joaldunak, eta eguerdian kalejira egongo da Bergarako Musika Eskolako trikitilari, dantzari eta perkusio ikasleekin; eguerdiko hamabietan Iralan kalean emanaldia egingo dute. Eta Ibargarain ere emanaldia egingo dute ondoren. 50 dantzari Iralan Bergarako Musika Eskolako zuzendari Marije Ugaldek azaldu du "pozik" daudela urteroko ohitura berreskuratu eta berriz ere kaleak alaitzen ibiltzeko aukera edukitzeagatik: "Guztira, Musika Eskolako 50 dantzarik eta hogei musikarik parte hartuko dute Erramu Zapaturako prestatu ditugun ekitaldietan. Irala kalean egingo dugun dantza emanaldian, Euskal Herriko dantza tradizionalak dantzatuko dituzte: agurra, zinta dantza, brokel dantza, makil dantza...".

Bazkalostea girotzen

Goizeko azokaz eta bestelako ekintzez gainera, bazkalostean kaleak girotzen jarraitzeko Gesaltza txaranga ibiliko da herri- ko kaleetan barrena, baita eguerdian ere. Ostean ere, 20:00etan, dantza-jira egingo dute, Fraiskozuri plazatik abiatuta, Aiko taldearekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak