Pandemiak 2020ko eta 2021eko ospakizunak erabat baldintzatu ostean, bergararrek bereziki gogotsu hartuko dute aurten Erramu Zapatua, udaberriko oporraldiaren aurreko festa kutuna. Egitarauko lehen ekitaldia gaur 22:00etan izango da, Seminarixoan, Erramu Zapatu bezperako klasiko baten den goi mailako bertsolaritza saioaz gozatzeko aukera izango dute-eta bertsozaleek; kartelean iragarri den arren, Saioa Alkaiza ez da oholtzan egongo (Ikus 26. orria).
Benetako feria
berriz ere 2020an ez zen ez feriarik ez beste ekitaldirik egin, konfinamendu beteko garaiak zirelako; hainbat herritarrek balkoietan ospatu zuten, modu batera edo bestera. Iaz egin zen ekitaldiren bat edo beste; tartean, Fraiskozurin postu eta edukiera mugatuarekin egin zen azoka. Aurten, baina, pandemia aurreko osagai guztiekin dator feria, 09:30etik 14:00etara. Ibargarai kalea abelburuak ikusteko gunea izango da goiz osoan. Oxirondo plazan askotariko elikagaiez osatutako 38 postu egongo dira; adibidez, Bergarako Mari Karmen Etxebarriaren barazkiak eta frutak eta Erlantz Olabarria erlezainaren postu didaktikoa.
San Martin plazan artisautza eta askotariko eskulanak izango dira protagonista, 33 artisaurekin; horietatik bost herrikoak bertakoak izango dira. Are gehiago, San Martin plazan postua jarriko dute herriko parpailagileen taldeak, Buztinzale zeramika elkarteak, taila elkarteak, Mariaren Lagundia ikastetxeak, elikagai bankuak, odol emaileen elkarteak, Goyeneche fundazioak, turismo bulegoak eta Black Bordados komertzioak. Seminarioko patioa ere bisitatzeko beste gune interesgarri bat izango da, bertan askotariko makineria, zuhaixkak –eta lorezaintza– eta larrua ontzeko postuak egongo direlako eta mokadutxoa egiteko aukera ere egongo delako Eusko Labeldun oilasko-izter pintxoekin. Katabixan talo eta edari postua egongo da.
Ohikoak ziren bi ekintza ez dira egingo: Txorimalo lehiaketa eta herri bazkaria frontoian
Herri bazkaririk ez aurten
Pandemia aurretik ekitaldi jendetsuenetako bat izan ohi zen Txapa Irratiak eta Xaxau jai herrikoien konpartsak udal pilotalekuan antolatu ohi zuten herri bazkaria; 400 lagun ere elkartu izan ziren. Aurten, baina, antolatzaileek erabaki dute ez egitea: "Ezin dugu bermatu 400 lagunek gomendatzen diren arauak beteko dituztenik eta orain bertan ez gaude suertatu ahalko litzatekeen edozein arazoren ardura hartzeko moduan. Aurrera egitea erabakita ere, denbora gutxi izango genuke halako ekitaldi bat antolatzeko, eta horregatik erabaki genuen hurrengo urtera atzeratzea".
Txorimalo lehiaketarik ere ez
Erramu Zapatuko beste klasiko bat izan ohi zen Jardun euskara elkartearen Txorimalo lehiaketa. Aurtengoa 26. aldia izango zen, baina ez du inork izenik eman eta ez da egingo. "Ez dakigu zein izan den arrazoia, ohi moduan egin dugu-eta lehiaketaren berri emateko zabalkundea. Uste dugu pandemiaren bi urteko etenak eragin zuzena izan duela; datorren urtera begira hausnarketa egingo dugu, ohitura zahar eta eder hau berreskuratu nahi dugulako. Ziur lortuko dugula, albiste txarra litzateke-eta euskara eta irudimena sustatzea helburu duen ohitura polit hau betirako galtzea. Hortaz, penarekin, baina aurten ez dugu erakusketarik jarriko Ibargarai kalean", adierazi dute Jardunekoek. Hori bai, Jardunek urtero saldu ohi dituen zapiak Iralan edo San Martin plazan egongo dira erosgai, hiru eurotan: gaur 18:00etatik 20:00etara eta bihar 10:00etatik 14:00etara.
Feria goizean, Itzulia 16:00etan
Feriak eta Euskal Herriko Itzuliak eragin zuzena izango dute trafikoan. Feriarako goizean goiz itxiko dute Ibargaraiko ikastolako patio pareko zatia –Fraiskozuri ez dute itxiko–. Itzulia, berriz, 16:00etan pasatuko da eta dena itxita egongo da: Gorlatik jaitsita, Bideberri, Fraiskozuri, Herrilagunak eta Matxiategi zeharkatuko ditu probak.