Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana berrituko du Bergarako Udalak

Txomin Madina Milikua 2022ko api. 4a, 20:06

Tokiko Plana izango dena herritarrekin landu gura du Udalak, eta diagnostikoa egiteko modua eta jasoko dituen adikzio-motak izango dira aurreko planarekiko berritasunak.

Orain artekoaren epe-muga betetzearekin batera, Bergarako Udalak Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana berrituko du. Era horretako bosgarren planaren lanketa herriko talde eragile, eragile sozial eta gaiarekiko interesa duen herritar ororekin osatu eta martxan jarri gura du Udalak, eta aurrekoarekiko berritasunak izango dira  diagnostikoa egiteko modua eta jasoko dituen adikzio-motak.

Bergarako Udaletik adierazi dutenez, Tokiko Plan hori izango da Gizarte Zerbitzuek 2023-2027 urteetan zehar martxan jarriko duten  ekintza garrantzitsuenetakoa. Helburuak dira udalerriaren errealitatearen diagnostiko bat egitea; premiak identifikatu eta drogen eta bestelako adikzioen esku-hartzeko lehentasunak zehaztea; herritarrak menpekotasunen problematikaren aurrean sentsibilizatu eta heztea; eta herrian osasunaren sustapena bultzatzea.

Tokiko Plana izango denak drogez gain bestelako adikzio batzuk ere hartuko ditu bere gain; esaterako bideo-jokoak, apustuak eta sare sozial. “Gaur egungo egoerara egokituko da, eta ondorioz errealitateari hobeto erantzuteko aukera emango digu, bergararron bizi-kalitatea hobetzea helburu”, azaldu du behin-behineko alkate Ainhoa Letek. Herritarren parte-hartzearekin egingo dutela ere nabarmendu du.

Hasteko, diagnosi integrala

Planaren lehenengo pausoa egungo egoeraren diagnosi integral bat egitea izango da, Udalaren esanetan “udalerrian drogen kontsumoarekin eta bestelako adikzioekin zein hauei lotutako arrisku eta babes faktoreekin lotutako errealitatea ezagutzeko”.

Horretarako, aste honetan 12 eta 25 urte arteko herriko ikastetxeetako ikasleei haien bizi-ohituren, kontsumoen eta bestelako erabilpenen inguruko inkesta bat pasatuko zaie. Udaberriko oporren ostean, bestalde, herritarrei zuzendutako inkesta bat egingo da. Udal webgunean eta herriko hainbat lekutan egongo dira eskuragarri inkestaren esku-orriak.

Horren ostean, maiatza bukaeran, jasotako ekarpenen inguruan hausnartzeko foroak egingo dira, eta horretarako Bergarako gizarte ordezkaritza “zabala” gonbidatuko dutela jakinarazi dute Udaletik.

Azken fase batean, etorkizunean osasunerako prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza zein arlo komunitarioan garatu daitezkeen neurri zehatzagoak definitzea da asmoa.

Plana idazteko zein prozesua dinamizatzeko ardura Sasoia S.L. enpresarena izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak