Ekintzaz betea dator Bergarako Erramu Zapatua

Txomin Madina Milikua 2022ko api. 4a, 18:58

Iazko Erramu Zapatuko une bat.

Hurrengo larunbatean, apirilaren 9an ospatuko dute Bergaran Erramu Zapatua eta ferian, esaterako, 33 artisau postu eta elikagaien 39 postu jarriko dituzte. Askotariko kale animazioa ere ez da faltako.

Ohiturari jarraituz, bezperan egingo duten bertso saioarekin hasiko dira Bergaran Erramu Zapatuko ospakizunak. Udalak Kopla Barik bertso-eskolaren laguntzarekin antolatutako saioan Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldia izango dira Seminarixoko agertokira igoko diren bertsolariak, eta Ibon Leibar Txinbo arituko da gai-jartzaile lanetan. Sarrerak 8 eurotan eskuratu daitezke www.seminarixoa.eus helbidean

Feriako postuak, San Martin plazan, Oxirondon eta Seminarioko patioan

Erramu zapatuko Feria, bestalde, 9:30ean zabalduko dute. Artisauen postuak, 33 guztira, San Martin plazan jarriko dituzte eta herriko bost artisau eta  Bergarako parpailariak, Bergarako Buztinzale Zeramika Elkartea eta Taila Elkartea ere bertan izango dira. Bergarako beste sei elkarte eta komertziok ere izango dute presentzia gune horretan: Mariaren Lagundiak, Elikagaien Bankuak, odol-emaileek, Goyeneche fundazioak, Bergarako Turismo Bulegoak eta Black Bordados-ek.

Aurten ferian egongo diren 39 elikagai postuak, aldiz, Oxirondon jarriko dituzte; horietako bi izango dira Bergarakoenak: Mari Karmen Etxeberriarena eta Erlantz Olabarriarena. Seminarioan ere egongo da zer ikusia, bestelako lau postu ere jarriko dituztelako han: makinaria, lorezaintza eta zuhaixkena, larrua ontzekoa…

Askotariko kale-animazioa

Jardunek antolatuta txorimalo lehiaketa ere egingo dute, eta aurkeztutako lanak Ibargarai kalean egongo dira ikusgai. Kaleetan zehar ibiliko dira Aurtitzko joaldunak, eta eguerdian kalejira egongo da Bergarako Musika Eskolako trikitilari, dantzari eta perkusio ikasleekin. Ibargarain ere emanaldia egingo dute ondoren.

Arratsaldean, 17:30ean, umeentzako zezentxoak eta poniak egongo dira Seminarioko patioan, eta 20:00etan, dantza-jira Fraiskozuri plazatik abiatuta Aiko taldearekin. Gesaltza txaranga, bere aldetik, kaleak girotzen ibiliko da eguerdian eta arratsaldean.

Erramu zapatuko feria dela eta, larunbatetan San martin plazan jartzen duten merkatua Fraiskozuri plazara aldatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak