Sara Ibañez: "Ez dago lasai egoteko motiborik Larramendin"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko api. 4a, 13:12

Sara Ibañez, Irizar jauregiaren atarian, hitzaldia eman aurretik. Argazkia: Larramendiko Arnasa.

Larramendiko "erraustegiaren" aurkako Larramendiko Arnasa plataformak 1984tik 2019ra Osakidetzan lanean aritu zen Sara Ibañez (Bilbo, 1955) sendagile erretiratua gonbidatu zuen martitzenean Irizar jauregian hitzaldia ematera; Euskaldunberri aretoa bete egin zen. 2007an Muskizko (Bizkaia) Petronor findegian abiatu zen Fuelolioa Murrizteko Unitateen (FMU/ URF) gaineko ikerketan eta "borroka administratiboan, judizialean eta sozialean" zuzenean ari da parte hartzen Ibañez, Meatzaldea Bizirik talde ekologistaren barruan.

Zer dakizu Larramendiko plantak eragin ahalko zituen ondorioez?

Laburpen ez-teknikoa ez da oso zehatza, ez du une batean ere esaten emisio zehatzak zeintzuk izango diren, ze kopurutan emango diren; eta inguruko herrietan benetako eragina zein izango den ere ez da zehazten. Pirolisia eta errausketa izango dira, biak. Izan ere, prozesua paper-sortaren pirolisiarekin hasten da, eta prozesu horretatik lortutako gasaren bidez –zer den esaten ez dena, bide batez–, zazpi paperontzitako lohien hondarrak erraustu edo kiskali egingo lirateke, kaltzio karbonatozko eta char deritzon karbonatozko hautsa lortzeko; azken hori ere proiektuan identifikatu gabeko beste hondakin bat da, zementu-fabriketako erregai gisa balioko lukeena.

Proiektua gauzatu aurretik geratu egin behar dela diozu. Zergatik?

Hainbat motibo daude. Mundu mailako lehen erreferentzia dela diote, eta nik esperientziarik ez dagoela interpretatzen dut. Orain arte, pirolisi plantak garestiak izan dira, emaitza txarrekin eta istripuekin. Litekeena da praktikan gauzatzeak adierazten dutena baino eragin handiagoa izatea, ez baitakigu ondo, ez baitute emisioen zenbakirik aipatzen. Fabrikaren inguruan ez dago airearen kalitaterako kabinarik, eta are gutxiago isuriko dituzten substantziak neurtzen duen azpiegiturarik. Tximiniako iragazkiez isuriak %85etik %99ra murrizteko indizeez hitz egiten dute, baina ez dute esaten zein kopuruz ari diren. Enpresa [Valogreene Paper BC] ez da batere argia izan. Hasteko, 2021eko ekainaren 11n, karga mineralen ekoizpen ekologikorako planta deitu zioten, hirigintza-bateragarritasunerako eskaeran. Eta, handik gutxira, txosten ez-teknikoa abuztuaren 3an egin zuen, paperaren industriako azpiproduktuen tratamendua izenarekin. Azkenik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari ofizialerako (EHAA/BOPV) Bergaran hondakin ez-arriskutsuen kudeaketa egiteko eskaera bidali zuten Ingurumen Baimen Barneraturako (IBB/AAI).

Informazioarekin gardentasun falta dagoela ere salatu duzu...

Gardentasuna ez da sekula enpresen bertutea izan, baina harritzen nau kasu honetan datu zehatzik ez emateak. Petronorren URF proiektuaren laburpen ez-teknikoan emisioen eta gaur egungo egoeraren igoeren kopurua ematen zuten. Hala ere, errealitatea askoz okerragoa izan da; kontuan izan behar dugu horrelako instalazioek maiz izaten dituztela gorabeherak. Gure kasuan, Petronorrek katalizatzaile eta koke hautsez ureztatu ditu inguruko herriak.

Arlo batzuk konfidentzial izendatu ditu enpresak Jaurlaritzan, ezta?

Hala da. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialerako eta Ingurumen Baimen Barneraturako eskaerak egin ostean, proiektuaren hainbat alderdiri konfidentzialtasun-adierazpena eman zaie eta horrek ingurumen-inpaktuen deskribapen zehatza izatea galarazten digu. Horrez gain, Bergarako Udalak ukatu egin du lizentzia, horrelako planta batek ez dituelako betetzen Bergarako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) eta Larramendi Industrialdeko Plan Partziala. Hala ere, bergararrek ez dute lasai egon behar; une honetan, Eusko Jaurlaritzan onartzen ari den legeak, Tapia Lege ospetsuak, udalerrian hartutako erabakien gainetik proiektua ezarri dezakeelako ustezko interes orokor batean oinarrituta.

"Paper-fabrikek eurek arduratu beharko dute, agian, hondakinak in situ kudeatzeaz"

Larramendiko plantak lanpostuak sortuko ditu? Ze hipotesi duzu?

Proiektuan hogei lanpostu aipatzen dira, hiru txandatan, astelehenetik domekara. Beraz, txanda bakoitzean sei bat pertsona izango dira, baina atseden-egunak zenbatzen baditugu, bost pertsona izan daitezke. Oso kopuru txikia da horrelako instalazio batentzat.

Zer irtenbide eman dakioke hondakinekin bizi dugun ia kolapso egoerari? Zein da alternatiba?

Paper-fabrikei dagokienez, arazoa abiapuntua da. Hain zuzen ere, eukaliptoen monolaborantzaren alde egin den apustua, paper-fabriketarako bakarrik erabiltzen dela, eta fabrika horiek paper-orea sortzen dutela. Paper-ore hori da beste herrialde batzuetara esportatzen dena, Alemaniara, batez ere, balio erantsia, papera, sortzen duelako. Kutsadura eta gure lurraldearen txikizioa hemen gertatzen da, eta herrialde horiek irabazi handienak eroaten dituzte. Orain, lohien eta hondakinen arazo itzela dugu; badirudi Zaldibarko zabortegira eroaten ari zirela, eta, Zaldibar kolapsatu ondoren, arazo larri bat sortu duela. Agian, paper-fabrikek eurek arduratu beharko lukete euren hondakinak kudeatzeko prozesuaz, in situ.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak