Birgaitzen Bolu proiektuaren ebaluazioa, "positiboa"

Jone Olabarria 2022ko api. 4a, 11:38

Birgaitzen Bolu proiektuan parte hartu duten auzotarrak, Irizar jauregian.

Debagoiena 2030 garapen iraunkorrerako sareak finantzatutako ekimenaren balorazioa egin dute Birgaitzen proiektuan parte hartu duten etxebizitzetako jabeek. Etorkizunera begira, proiektuan parte hartzeko zerrenda berri bat sortuko dute eta izena eman nahi dutenek Boluko Imaz Harategira joan behar dute.

Birgaitzen Bolu proiektuak banakako etxeetan isolamendua jartzeko sistema sustatzen du, prozesuan parte hartzeko bi ezaugarri jarrita: ekimena taldean egitea eta ikasitakoa taldean partekatzea. Hain zuzen ere, azken fase hori garatzen izan ziren proiektuan parte hartu zuten auzotarrak joan den egubakoitzean: prozesua 2021eko otsailean jarri zen martxan eta Boluko zortzi etxebizitzak hartu dute parte.

Beroago eta zaratak murriztuz

Orokorrean, esperientzia "oso ondo" baloratu dute parte hartzaileek: "Isolamendua egin dutenetik etxea epelago dago, eta tenperatura hobeto mantentzen da iparraldeko logeletan. Bi gradu inguruko igoera nabaritu dute". Ondorioz, berogailua gutxiago jartzen dutela adierazi zuten parte hartzaileek, eta, zaratari dagokionez, errepidera ematen duten geletan zarataren "murrizketa handia" nabaritu dute.

Alderdi ekonomikoa

Erosketa kolektiboaren bidez 200 eta 300 euro bitarteko aurrezpena jaso dute parte-hartzaileek, eta ordaindutakoaren%18 jasoko dute errenta aitorpenaren bidez. Hala ere, 2022ko negua 2021ko baino hotzagoa izan dela adierazi dute, eta, hortaz, kontsumoen konparaketak ez duela informazio deigarririk eman. Etorkizunera begira, zerrenda berri bat sortu eta izena eman nahi dutenek Boluko Imaz Harategira joan beharko dute. Prozesuan parte hartzeko hamar pertsonak eman behar dute izena, eta taldeko ordezkari bat aukeratu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak