Bertako basoa berreskuratzeko, basoarekin harremana sendotu beharra

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko mar. 25a, 12:11

Iñaki Aizpuru, Ainhoa Agirrebeña eta Idoia Bollar, Seminarixoan.

Basoen Astearen barruan Kukubaso elkarteak antolatutako Non dago gure basoa? izeneko hitzaldian, Iñaki Aizpuru biologoa EAEko basoen egoeraz eta kudeaketaz aritu zen Seminarixoan; azaldu zuen, besteak beste, Gipuzkoan eta Bizkaian bertako basorik ez dagoela.

Aizpururen arabera azalera txikiko eremu batzuk bakarrik ditugu, elkarrengandik bereizita: "Gure azalerak kontserbatu eta baso-eremua berreskuratzeko premia bizian gaude, biodibertsitatea mantendu nahi badugu. Lurraldea herritarrek etorkizunerako dugun kapital estrategiko bat da eta ez zaigu komeni etekin azkar batzuen bila suntsitzea; apustu garbia egin behar dugu lurraldea herri-ondasun bihurtzeko eta bere ahalmen guztiak adierazten laguntzeko, gure ondorengoen bizitza-asegurua delako".

"Basoaz gozatu egin behar da"

Bestalde, Oñatiko Natur Eskolako hezitzaile Idoia Bollar bergararrak alfabetizazio berdearen beharra azpimarratu zuen, ikasleei naturaren ezagutzaren eta zaintzaren gainean kontzientziatzea. Esan zuen azken bi belaunaldietan galdu egin dela gizartean, oro har, naturarekin zegoen harremana, eta Europan gero eta hedatuago dagoen baso eskolen aukerez ere aritu zen; horren harira, aipatu zuen Mariaren Lagundiak baso eskola eredua ezarrita duela haur eskolan. "Basora joan egin behar da, bertan egon eta disfrutatu, hortik etorriko direlako gero kuriositatea, interesa, ezagutza eta zaintza". Era berean, Bollarrek balioa eman zion Mendia Bizirik taldeak eta Laboratoriumeko Iñaki Irizarrek bertako basoaren ezagutzaren eta ulermenaren alde egindako lanari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak