Donostiako erreketa, liburutik musikalera

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko mar. 19a, 10:06

Oihan Vega konpositorea, Toti Martinez de Lezea idazlea eta Valen Moñux zuzendari eszenikoa. Argazkia: Idoia Gonzalez.

Toti Martinez de Lezearen Bretxa eleberri historikoan oinarritutako formatu handiko musikala egingo du Bergara Antzerki Musikala (BAM!) elkarteak; hamabigarren lana 2023ko urtarrilaren 13an estreinatuko dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

La Brecha (Ttarttalo, 2016) liburuaren euskarazko berrargitalpen eguneratua –Erein argitaletxearen eskutik eta Miren Arratibelek itzulita– eta eleberrian oinarritutako musikala aurkeztu zuten Larrabetzuko idazleak eta Bergara Antzerki Musikala (BAM!) elkarteak martitzenean, Donostian. "1813an Donostian gertatu zen sarraskiaren kontakizuna da, Maritxu Altuna txokolategilearen ikuspuntutik kontatuta", dio idazleak.

Bergara Antzerki Musikala (BAM!) elkarteak bere hamabigarren ikuskizunerako aukeratu du istorioa. "Kanpokoak kontatu izan ditugu aurreko lanetan eta plazera da gurean gertatu zen drama bat kontatzea eta euskal idazle baten istorioan oinarrituta. Mimo handiz eta detaile guztiak ondo landuta ari gara ilusio handiarekin guztia prestatzen", dio musikalaren konpositore Oihan Vegak. "Ikaragarri pozik nago Bergarakoen proposamenarekin; izugarri gustatzen zaizkit musikalak, eta itzela da nire istorio bat aukeratu izana!", dio idazleak.

Handia eta modernoa

Orain dela sei urte jo zuten idazlearen atea Oihan Vegak eta musikalaren zuzendari eszeniko Valen Moñuxek. "Isilik eta harrituta begira geratu zitzaigun musikalerako proposamena egin genionean, eta zera esan zigun gero: 'Zuek erotuta zaudete! Eta etxe honetan eroak ongietorriak dira!'. Eta harrezkero, ederra izan da eta ari da izaten Toti Martinez de Lezearekin lan egitea".

Oihan Vega: "Ederra izan da eta ari da izaten Toti Martinez de Lezearekin lan egitea"

150 lagunek hartuko dute parte: 30 musikariko orkestrak, helduen eta haurren abesbatzak; aktoreak; dantzariak, abeslariak... Eleberria "erabat errespetatuz" eta kronologia ondo zainduta egin dute Bretxa-ren gidoia. "Broadwayko estilokoa da eta puntako teknologia ere erabiliko dugu. Broadwayko musikalak aipatzean, askotan burura datozkigun irudiak dira artistak koloretako eskaileretatik jaisten eta halakoak; bada, hau ez da halako istorio alai edo koloretsua, baina, kalitateari eta formatuari dagokionez, Broadwayko musikaletatik gertu dago. Orain arte kontatu ez den moduan kontatu gura dugu horrenbeste aldiz kontatu izan den Donostiako sarraskiaren gainekoa. Historia arloko kontuak ikuskatzeko Donostiako historian trebatuak diren bi maisu izan ditugu alboan: Jose Maria Leclercq, historialaria eta arkeologoa, Donostiako herritar merezimenduaren domina eta 2022ko Urrezko Danborrerako izenda- pena jaso zuena; eta Jose Javier Pi Chevrot, arkitekturan doktorea, Donostiako XIX. mendera arteko hiriaren hirigintza eta arkitekturan aditua dena. Euren laguntzarekin garai hartako Donostiaren irudiak erakutsiko ditugu ikuskizunean, 3D dimentsioan, led pantaila handi baten", dio Vegak.

Bidelagun gehiago

Proiektuaren motorra BAM! elkartea den arren, beste hainbat kultura eragile bidelagun dituztela gaineratu dute. "Lehenengo proiektutik alboan izan dugun Bergarako Musika Eskolaz gainera, Donostiako Union Artesana, Tiempo 22 dantza akademia donostiarra, Donostiako 31 de Agosto Rekreazionista Elkartea, Lasarte-Oriako LOZET Rekreazionista eta Kultura Elkartea, Irungo Anaka Kofradia eta Zarauzko Monte Albertia Goi mailako Ile-apaindegia eta Estetika Zentroa".

Proiektuaren motorra BAM! elkartea den arren, beste hainbat kultura eragile bidelagun dituzte

Vegak eta Moñuxek egin dituzte Bretxa-ren gidoiaren egokitzapena, libretoa, musikaren konposaketa eta abestien hitzak eta eszenografiaren diseinua. Mikel Markiegik du orkestrazioaren ardura, Txemi Etxebarriak zuzenduko du orkestra eta Marije Ugaldek, berriz, abeslariak eta abesbatzak, Carol Gomezek landuko ditu koreografiak eta Ander Arruti izango da zuzendari laguntzailea.

Urtarrilaren 13an estreinaldia

"Pozik eta ilusioz" ari dira lanean. "Entseguak hasi ditugu orain. Aurretik egindako lanen eskarmentuak lagunduko digulakoan gaude –Miserableak, Olentzero, Mozkorra parregarri...–, orain dela 30 urte egin genuen-eta lehenengo musikala".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak