Ander Elorza: "Abestietako hitzak gaur idatzi ditugula dirudi"

Xabier Urtzelai 2022ko mar. 18a, 18:30

Ander Elorza, kamerari begira, Txapa Irratiaren 30. urteurrenean (2014).

Angiolillo liburutegiaren berrinaugurazioaren baitan, musika jaialdi berezia antolatu dute zapaturako –19:30, kartzela zaharra–. Izan ere, eszenatoki horretara gehien igo den taldeetako batek, Flyshitek, urteurren borobila ospatuko du. Gaizkiñe taldekoak ere igoko dira oholtzara.

Ibilbide luzea egin dute, eta, hala ere, Bergarako euli kaka fresko dago, baita garai batean idatzitako hitzak ere: Milaka morroi armatu, banketxeetan kontu amaigabeak dituzten marrazoei zerbitzatzen. Beraien armak mundu osoan zehar errugabeen aurka tirokatzen dituzte. Eta hala ere, herriaren alde dabiltzala sinetsiak, idatzi zuten Bizitza... baina nola bizi? diskoko (2005) Milaka morroi armatu abestian. Zapaturako entseatzen dabiltzala jaso dute GOIENAren deia.

Duela 25 urteko entsegu egun batek izango zuen gaurkoarekin antzekotasunik?

Seguruenik ez! Ja, ja, ja. Duela 25 urte, arratsalde osoa emango genuke lokalean, entseatzen, edo, beste barik, arratsaldea pasatzen. Gaur, ordu eta laurden egon gara. Laneko erreleboak direla, umeak direla... Presarekin ibiltzen gara denok. Duela 25 urte, instrumentuak jotzen ikasten genbiltzan, eta orain... Bueno, oraindik ere horretan dihardugu. Baina bai, gauzak dezente aldatu dira, bai.

Hain justu, duela 25 urte, Errusiako tropak Txetxeniatik erretiratu ziren, eta Espainia OTAN barruan sartu zen...

Garai bateko taldeetako hitzak hartzen badituzu, badirudi gaur egun idatzitakoak direla. Alegia, gauzak ez direla horrenbeste aldatu. Bestalde, hitzen bueltan nahikoa buruhauste izan dugu guk, ez dugu horretarako aparteko erraztasunik izan eta gai sozialei heldu izan diegu. Protesta egiteko tresna moduan erabili izan dugu musika. Eta orain ere hitzekin arazoak izaten ditugu; alegia, zelan kontatu garai batekoak ziren arazo berberak gaur egun... Ze hitz jarri horri... Hori izan da, seguruenik, gure puntu makala.

Gauzak modu konkretu batean egin dituzue urte hauetan guztietan.

Bai; do it yourself esamoldea gure egin dugu. Indarguneak sortzen ahalegindu den musika taldea izan gara, gauzak gure kabuz egin ditugu, gure erara, baina, aldi berean, saiatu gara loturak sortzen beste talde batzuekin, beste gaztetxe batzuekin...

Zer prestatu duzue zapaturako?

Zerbait berezia izango da. Berez, iaz sortu zitzaigun urteurrena ospatzearen ideia, baina pandemia tarteko atzeratzen joan da kontua. Taldean esan ohi dugu 1996an hasi ginela jotzen, lehenengo kontzertua urte hartan eman genuela uste dugu, baina hori ere ez daukagu oso garbi; ja, ja, ja. Hala ere, urte hauetan taldeko kide izan diren ia guztiak etorriko dira kontzertura. Zoritxarrez, Azkaiter Pelox kanpoan dabil eta ezingo da etorri, eta oparitxoak ditugu guztiendako. Eta gaurko entseguan, esaterako, garai bateko abesti zaharrak errepasatzen ibili gara; horiek ere lekua izango dute zapatuan.

Non dago 25 urtez bizirauteko sekretua? Izan ere, taldea nahiko aktibo egon da denbora tarte horretan.

Bai, gu ez gara geratu, egia esan. Baina esango nuke erritmoa gure bizitzetara egokitu dugula, eta hor egon dela gakoetako bat. Talde batzuek astero izaten dituzte kontzertuak, gu hilean kontzertu bat jotzearekin konformatu gara, ez gara batera eta bestera deika ibili. Halakoetan ez da erraza izaten, taldeko kide guztiek ez dutelako bizi-erritmo berbera, ezta nahi berberak ere. Beti egoten da kontzertu gehiago egin nahi dituena, edo denbora ateratzeko zailtasun handiagoa duena... Baina hor beti jokatu dugu errespetuz; azken batean, lagun talde bat gara. Bestalde, urte hauetan guztietan joan-etorriak egon dira, normala den moduan; gogoan dut Azkaiter Peloxek gurekin jotzen zuenean Erasmus ikasketak egitera kanpora joan zenekoa, edota Eloi bateria jotzen ikastera AEBetara joan zenekoa, eta gero, Katalunian ere ibili zen... Horrez gain, jendeak beste musika proiektu batzuetan ere esku hartu du... Garrantzitsuena da oraindik gauzak egiteko gogoz gaudela. .

Pandemiak zelan harrapatu zintuzten?

Bada, azkeneko diskoa nahiko aurkeztuta geneukan; alegia, lotuta genituen kontzertu guztiak emanda genituen eta abesti berriak sortzen hasi ginen orduan. Hala, bi urte hauetan ahal izan dugunean lokalean ibili gara, eta kontzertu batzuk egiteko aukera ere egon da tarte honetan.

Flyshitek, musika aldetik, bilakaera handia izan du?

Baietz esango nuke. Gaur egun, ez dugu garai bateko hardcorea azkarrik egiten, eta, sustraiek hor jarraitzen badute ere, gure erreferenteak aldatzen joaten dira eta horiek ere eragina dute musikan. Eta, bestalde, instrumentuak hobeto menperatzen joan gara, beste melodia batzuk bilatzera joan gara... Badago eboluzioa, bai.

Zein izan da taldearen momentu gorena?

Zerbait esatearren, Bizitza... baina zelan bizi? diskoa atera genuen unea azpimarratuko nuke. Baina hasiera ere oso potentea izan zen; orduan Bergaran ez zegoen musika talderik modu aktiboan eta gogoan dut gure kontzertuetara jende mordoa joaten zela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak