Apirilaren 1ean, egubakoitza, iritsiko da Korrika Bergarara. Osintxutik sartuko da, 11:30 inguruan, eta, herrigunetik igaro ostean, Arrasaterako bidea hartuko du. Korrikaren etorrera berotzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu Korrika batzordeak datozen asteetarako, Korrika Kulturalaren baitan.
Ipuin kontaketa eta dokumentala
Martxoaren 16an, eguaztena, 18:30ean, Irizar jauregian helduentzako ipuin kontaketa izango da, Isabel Agirresaroberen eskutik. Udal liburutegiak antolatutako ekintza da. Martxoaren 17an, eguena, Uhinak dokumentala izango da ikusgai Irizar jauregiko ganbaran. AEK-k Korrikaren inguruan sortutako dokumentala da; Euskal Herriko hainbat txokotan barrena bederatzi paisaia ezagutzeko aukera ematen du dokumentalak, hain zuzen ere, bederatzi errealitate linguistiko eta emozional aurkeztuz. Guztira, 33 minutu irauten du, eta 19:00etan emango dute, Irizar jauregian.
Saskigintza eta dantzak
Egun berean, hilaren 17an, umeentzako saskigintza tailerra ere egingo dute, udaletxeko arkupeetan. 17:30etik 19:00etara arte izango da, eta Aspaceko kideek gidatuko dute saioa. Martxoaren 25ean, egubakoitza, 18:30ean Euskal dantzen ekitaldia egingo dute San Martin plazan. Moises Aspiazu dantza taldeak antolatutako emanaldia izango da.