Emakume artisten omenaldia emakume baserritarrei

Txomin Madina Milikua 2022ko mar. 12a, 12:42

Ikusgai dago Bergarako Aroztegi aretoan herriko hainbat emakume artistaren lanak jasotzen dituen Bertatik bertara, emakume baserritarren bizitza. Belaunaldi ezberdinetako sortzaileek egindako hainbat diziplinatako artelanak daude bertan ikusgai.

Margolanak, zeramika, ikus-entzunezkoak... Denetariko artelanak daude ikusgai atzo ezkero Bergarako emakume artisten kolektiboak eta Martxanterak talde feministak antolatuta Bergarako Aroztegi aretoan bisitatu daitekeen erakusketan.

2017tik urtero antolatzen dute erakusketa kolektiboa Martxoaren 8aren harira, eta aurten, emakume baserritarrei egin gura izan diete omenaldia. Hortik erakusketaren izenburua ere: Bertatik bertara, emakume baserritarren bizitza.

Diziplina ugari

Parte-hartzaileek helduleku ezberdinetatik landu dute gaia. Cecilia Dulantok, esaterako, bere kaleko eta baserriko familien bizipenak uztartuaz eta idatziekin, argazkiekin eta arropekin osatuta, Iñude artelana aurkeztu du erakusketan. Modu horretara, garai batean bere haurrak ez ziren jaioberriak bulartzen zituzten emakumeak izan ditu gogoan: "Jendeari errealitate bat erakutsi nahi izan diot eta horretarako hainbat datu eta kuriositate ikusten dira nire obran. Nahi duenak, gainera, bere ekarpena ere egin dezake".

Justina Elexpuruk, bere aldetik, Emakumeak laixan margolana zintzilikatu du Aroztegiko paretetan: "Guk ez dugu lan hori ezagutu, baina sasoi batean ohiko lana zen, egin beharrekoa". Arantzazu Arregik, bestalde, bost koadro jarri ditu erakusketan, zeinetan batzuetan baserria bera bakarrik eta beste batzuetan emakumeak baserriko lanetan irudikatu dituen: "Koadroetako baten emakumeak abarrak jasotzen, patatak biltzen, josten... erakusten ditut. Konplexua da, margolari batentzat koadro baten figura sartzea bat ez delako erraza. Errazagoa da paisaia bat irudikatzea".

Hainbat belaunaldi batera

Erakusketan, baina, aniztasuna ez dago artelanetan bakarrik, egileetan ere bai, belaunaldi ezberdinetako artisten lanak daudelako ikusgai. Cecilia Dulanto artista gaztearentzat erakusketa kolektiboan parte hartzen duen lehen aldia da: "Nik gehienbat pintura lantzen dut, baina garatzen eta gauza berriak probatzen joatea garrantzitsua da, baita emakumeek euren txokoa izatea ere. Eta aberasgarria da horrelako gauza polit bat sortzea". Justina Elexpuruk, aldiz, hasieratik parte hartu du erakusketan: "Azken finean, artista moduan gai batera egokitzera behartzen zaitu. Era berean, emakume artistak elkartu egiten gara eta ikusten da Bergaran potentzial handia dagoela". "Ni egunerokoan batez ere nire adinekoekin egoten naiz, baina kolektibo bat egitean zure ikuspuntuaz gain, beste belaunaldi batzuena ere ikusten duzu ", dio bere aldetik Arantzazu Arregik, eta gaineratu: "Gurea baino asko berriztaileagoa da euren ikuspuntua, gurea aldiz, tradizionalagoa. Baina dena da polita!".

Atzo arratsaldean zabaldu zuten erakusketa, eta esan daiteke lehen unetik piztu du herritarren interesa, atzo bertan hainbat bisitari izan zituelako. Martxoaren 27ra arte egongo da erakusketa ikusteko aukera: martitzenetik egubakoitzera, 18:00etatik 20:30era; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak