Etxebizitzaren eta alokairuaren gaia ardatz, Txapa Irratiaren saio berezian

Jone Olabarria 2022ko mar. 12a, 10:54

Irratia estudiotik kalera ateratzeko ohitura berreskuratuz, herritarrek irratsaioa zuzenean entzun eta ikusteko aukera izan zuten atzo arratsaldean Kartzela Zaharreko areto nagusian. Sasi guztien azpitik, herriko gai ezberdinak kolektiboki jorratzeko sortutako irratsaioan, etxebizitza eta alokairuaren arazoak izan zituzten hizpide atzoko saioan, hainbat kolektiboren testigantzak batuz.

Etxehuts izenarekin, Bergarako Udaleko ordezkarien,  Stop Deshaucioseko kideen eta Donostialdeko okupazio bulegoko kideen ahotsak izan ziren entzungai, baita alokairuaren inguruko testigantzak ere. Etxe-agentzien ikuspegia ere batu nahi izan zuten, eta horretarako Korosti inmobiliaria ere gonbidatu zuten saiora: "Hogeita hamar urte daramatzagu honetan eta egia esanda beti izan ditugu askoz etxebizitza gehiago saltzeko alokatzeko baino. Jabeak beldurra izaten du alokatzeko, eta beti eskatzen digute konfiantzako pertsona bati alokatzea. Azken batean guk bitartekari lan hori egiten dugu; alde batetik guk arazorik ez dugulako nahi zian, eta baita ere jabeen nahiari erantzuteko".

"Gai nahiko delikatua" dela aitortu dute. Nahiz eta etxe asko hutsik dauden, herritar askorentzat alokairuan etxe bat eskuratzea "oso zaila" dela ere nabarmendu zuten irratsaioan zehar, "are gehiago kanpotarrentzat": "Pertsona migratuekiko konfiantza falta edo sarbiderako zailtasunak daude".

Pertsona migratuen testigantzak

Saioan eskainitako testigantzen artean, Bergarar bizitzera etorritako bi lagunek, Santik eta Angelikak, beraien esperientzien berri eman zuten: "Batzuetan alokairuan hartzeko logela edo etxebizitza baten bila joan, eta lehen deian baiezkoa eman edo ondo hartzen bazaituzte ere, bisita egitera joaten zarenean edo pertsona migratu bat zarela ikusten dutenean ezezkoa ematen dizute. Jabeek oso kontuan hartzen duten zerbait da eta hori aldatu beharra dago, uste dute ez dugula ordainduko edo arazoak izango dituztela".

"Orain Bergaran bizi arren, aurretik Donostian ere bizi izan nintzen. Bertakoa zen lagun batekin bizitzera joatea erabaki nuen, etxebizitza partekatuz. Banuen dirua aurreztuta, nik ordaindu nituen bion fidantza eta lehen hilabetea etxebizitza alokairuan hartzeko. Kontratua sinatzera joan ginenean, nire lagunaren izenean bakarrik zegoela ikusi genuen. Jabeak ez zuen konfiantzarik eta Mirenen izenean bakarrik jarri zuen, nahiz eta diru guztia nik jarritakoa izan. Neska honek ez zuen alokairua ordaintzeko asmorik eta nik ezin nuenez bion zatia ordaindu etxea utzi nuen. Jabeak esan zidan Mirenek hor jarraitzen bazuen ez zidala fidantza itzuliko. Azkenean ni izan nintzen eskubiderik gabe eta diru gabe geratu zena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak