Otsailaren 28an egindako ohiko osoko bilkuran Ukrainako gerraren inguruan lanketa egiteko konpromisoa hartu zuen udalbatzak. Helburua: hiru alderdien artean adostasuna bilatu eta adierazpen instituzional bateratua egitea.
Bada, martxoaren 2an ezohiko bozeramaile batzordea deitu zuen Udal Gobernuak, astean landutako proposamena hiru aldeen artean eztabaidatu asmoz. Bileran, baina, ez zuten adostasunik lortu; ondorioz, ez da adierazpen instituzional bateraturik izan.
Sei puntu
Udal Gobernuak gaur argitaratu du adierazpena. Prentsa ohar bidez adierazi dutenez, martxoa hasieran egindako bilera hartan PSE-EEk egindako "ekarpen eraikitzailea" gehitu diote udalbatzaren jatorrizko adierazpenari.
"Zentzurik gabeko" gerra "lehenbailehen amai dadila" eskatu dute, gaur egun gerrak gatazka politikoak konpontzeko tresnak ez direla iritzita; beraz, diplomaziaren aldeko "hautu irmoa" egiteko eskatu diote erakunde gorenei, bakearen aldeko konpromisoa berretsiz. Horrez gain, "kezkaz" erreparatzen die Udal Gobernuak mundu mailako potentziak sortzen ari diren blokeek elkarren kontra daramaten "mehatxu militar, ekonomiko eta teknologikoari". Azkenik, "elkartasun zintzoena" helarazi nahi izan diote Ukrainako herriari, eta gerra sortzen ari den sufrimendua arintzeko "ahalmenen araberako bitarteko guztiak" jarriko dituztela adierazi dute.
Hona Bergarako Udal Gobernuaren adierazpena.