Adostasunik ez Eudelek deitu duen Ukrainaren aldeko elkarretaratzearekin bat egiteko

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 9a, 16:38

Bergarako EAJko udal taldeak Eudelek deituriko Ukrainaren aldeko elkarretaratzearekin bat egiteko proposamena egin zion EH Bilduri, baina ez da bi alderdien arteko adostasunik lortu. Ondorioz, Bergaran ez da mobilizaziorik egin. Ohar bidez erabakia "erabat ulertezina" dela adierazi dute jeltzaleek.

12:00etan udaletxe aurrean hitzordua jarrita, Euskadiko Udalen Elkarteak bost minutuko elkarretaratze isilak deitu zituen gaurko. Eudelek bere webgunean jakinarazi zuenez, mobilizazioen helburua "toki entitateek Errusiak Ukraina inbaditzeari eta horrek eragiten duen sufrimendu eta suntsipenari, eta milioika pertsonen behartutako exodoari uko egitea" zen.

Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Arrasaten bat egin dute deialdiarekin; Bergaran, baina, ez da elkarretaratzerik egin. Irune Galarraga EAJko udal taldeko bozeramaileak prentsa ohar bidez adierazi duenez, mobilizazioarekin bat egiteko proposamena luzatu zioten EH Bilduri. Jeltzaleen hitzetan, baina, "EH Bilduk ez du nahi izan". Erabakia "erabat ulertezina" dela salatu dute, "udala osatzen duten alderdi desberdinak bat egin eta elkarrekin ukrainar herriari gure elkartasuna eta babesa eskaintzeko momentua" dela uste baitute.

Eskaera, babesa eta ekimenak

Gaurko elkarretaratzetik harago, ohar bidez Errusiak Ukraina "inbaditzeari" eta eragindako "sufrimenduari", "suntsipenari" eta "eragindako exodoari berehalako amaiera" emateko eskaera egin dute jeltzaleek. Horrez gain, EAJren udal taldeak "erabateko babesa" ematen die Europar Batasunak eta Estatu kideek erabakitako "ekimen eta ekintza guztiei". Azkenik, ukrainar komunitateari laguntzeko "egin beharreko ekimenak" bultzatuko dituela ere gaineratu du Galarragak.

Hona Bergarako EAJren oharra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak