Laida Lertxundi: "Paisaia eta gorputza, ezinbesteko nire lanean"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko mar. 9a, 14:47
Laida Lertxundi artistak egin du aurtengo Monzon-Ganuza saria. Argazkia: L.L.

Bilboko zinemagile eta Arte Ederretako fakultateko irakasleak egin du Bergarako Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk bihar, eguena, 18:30ean Seminarixoan izango den ekitaldian jasoko duten Monzon-Ganuza sariaren oroigarria, Landscape Plus izeneko lana.

Laida Lertxundiren (Bilbo, 1981) lanak arte kontzeptualaren eta zinema estrukturalaren ideiak eta gorputzetik lan egiteko ikuspegi feminista erradikala batzen dituzten lekuen miaketa erakargarriak dira.

Zuk egindako lana izango da aurtengo Monzon-Ganuza saria. Pozik?

Ez nuen espero; oso pozik nago.

Bergarako Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk jasoko dute. Ezagutzen dituzu?

Egia esan, ez ditut pertsonalki ezagutzen. Bikoteari eman izanak pozten nau; izan ere, belaunaldi hartako emakumeek gizonen ibilbide politikoak zein profesionalak sostengatu izan dituzte, aitortzarik gabe.

Euskal artistei bultzada ematea helburu du sariketak. Zer deritzozu?

Oso iniziatiba ona dela uste dut, artistok horrelako aukera gehiago behar ditugula uste dut. Zinemagilea eta unibertsitateko irakaslea zara; Euskal Herrian bizi zara egun, baina Ameriketako Estatu Batuetan urte luzez bizitakoa. New Yorken eta Kalifornian bizi izan naiz; ikasi eta lan egin nuen Arte Ederretako irakasle. Orain dela gutxi bueltatu naiz, baina Ameriketako Estatu Batuetan egon naizen denboran harremana mantendu dut Euskal Herriarekin; adibidez, bakarkako erakusketa bat egin nuen Azkuna Zentroan 2014an, eta Tabakaleran 2016an beste bat. Horrez gain, komisariotza lana egin nuen Bartzelonako CCCBn 2001etik 2011ra. Gaur egun, Azkuna Zentroan Artista AZ Kidea moduan lan egiten dut eta EHUn eskolak ematen ditut.

Landscape Plus da sariketara aurkeztu duzun lana. Zelakoa da?

Hiru prozesu ezberdin jasotzen ditu: fotograbatua, chine cole eta tinta. Landscape Plus euskaraz Paisaia eta Plus edo gehiago izango litzateke. Paisaia gorputzarekin harremanetan jartzeko modu bat da. Argazki analogikoa atera nuen Chocolate Peak mendi tontorretik, Kaliforniako basamortuan. Argazki horretatik, gero, fotograbatu bat egin nuen, irudi horretan urdina agertzen dena. Eta beste alde batetik, Yoko Onoren Fly filmeko fotograma batekin beste geruza bat gehitu nion chine cole teknikarekin. Tintaz egindako beheko marra gorria Jasper Johnsen lanari egindako keinu bat da, lerro horiek erabiltzen baitzituen berak konposaketak borobiltzeko. Los Angelesen egin nuen Toni Zepedarekin 2016an lan hori; Hammer Museum-en erakutsi nuen lehenengo eta New Yorkeko NADA House-n iazko udan.

Diozu paisaia eta gorputza direla zure lanean etengabe agertzen diren elementuak. Zer adierazteko?

Plazer eta esperientzia zentzu gisa interesatzen zaizkit sarritan erabiltzen ditudan bi elementu horiek. Hau da, paisaian egoteak berak harreman bat sortzen du paisaiaren eta gorputzaren artean. Gorputz prozesu horiek prozesu teknikoak bilakatzen dira. Prozesua bera osatzeak eraikitzen du zentzua.

Epaimahaikideek diote: "Laida Lertxundik etengabe mugitzen ari den obra eskaini digu, oso bisuala, ikusizko kodeak trukatuz, non prozesuak garrantzia hartzen duen, oreka bizian eta amaierarik gabe. Kontzeptuzko mugarik gabeko eraikuntza artistikoa, baina berezko zigiluarekin, ikuspegi ireki eta nahasi bat birdefinituz, ikuspegi pertsonal batetik". Zer diozu?

Lan polita egin dutela deritzot, eta honen guztionen parte izana eskertzen dut.

Zinemagilea zara, AEBn 16 mm-ko formatuko film asko egin dituzu. Jarraitzen duzu zinemagintzan?

Zinema egiten dut artearen testuinguruan; hau da, irudia mugimenduan lantzen dut. Pieza bat estreinatu berri dut New Yorkeko MoMa-n eta bakarkako erakusketa prestatzen ari naiz Bilboko La Taller-en, laster inauguratuko dena. Erakusketa horrek zinema, grabatuak eta argazkia barnebilduko ditu. Horrez gain, nire bikotekidearekin pieza berri bat lantzen ari naiz, eta Bilboko Azkuna Zentroarekin beste proiektu bat egiten ere bai; eskola iragankor bat da eta Bizkaiko mendietan egindako grabaketek osatzen dute Azkuna Zentroko proiektu hori.

Laida Lertxundi artistak egin duen Landscape Plus artelana. Argazkia: Laida Lertxundi.

Sari banaketa ekitaldia, bihar, eguenean

Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak iaz sortu zuten Monzon-Ganuza Euskal utopikoei aurtengo saria Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk jasoko dute martxoaren 10ean, Seminarixoan, 18:30ean hasita egingo duten ekitaldian. "Euskal Herriari, bere kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omendu nahi ditugu sariarekin; bi herritarrek jasoko dute euskara min eta lehentasun, gure iraganarentzat etorkizuna eraikitzeko lanean aritu direlako beti", dio Bergarako Udaleko Kultura zinegotzi Kristina Markinak.

Seminarixoa.eus-en eta, emanaldiak dauden egunetan, txarteldegian eskura daitezke ekitaldirako doako sarrerak; pertsona bakoitzak lau gonbidapen, gehienez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak