Umeak, gazteak eta haurdun dauden emakumeak ez txertatzeko gomendatu du Juanjo Martinez zirujauak

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko mar. 5a, 22:00

Juanjo Martinez zirujaua Bergaran hitzaldia egiten.

Usondoko lantaldeak gonbidatuta izan da gaur Bergaran kirurgialari irundarra. Pare bat orduko hitzaldia egin du Seminarioko patioko karpan. 40 bat lagunen aurrean esan du gazteek ez dutela txertoaren premiarik, epe laburrean onurak baino handiagoak izan daitezkeelako kalteak eta epe ertain zein luzera etor daitezkeen ondorioak ez direlako ezagutzen.

Luze eta zabal hitz egin du Juanjo Martinezek Bergaran egindako hitzaldian. Esan du ez dela txertatu, eta ez txertatzeko gomendioa eman du. Haur eta gazteengan fokua ipinita hainbat argudio eman ditu: "Lehengo eta behin, gazteak ez dute gaixotasuna garatzen, eta garatzen dutenek sintoma arinekin pasatzen dute gehien gehienetan, salbu gaixotasun garrantzitsuren bat dutenean, esaterako minbizia. Euskadiko pediatrek egindako adierazpen batzuen arabera, gaixo gazteen %99,5 arin gaixotzen da".

Gaineratu du: "Umeak ez dira super-kutsatzaileak, hasieran esan zen moduan. Lan zientifiko askok erakusten dute hori. Gainera, oso hilkortasun txikia dute; heriotza-tasa %0,0002 da. Eta badakigu hilkortasun horrek zerikusi handiagoa duela konkomitanteak diren gaixotasunekin koronabirusarekin baino".

Beste kezka bat ere plazaratu du: "Ez dakigu epe ertain eta luzera txerto honek zein albo-ondorio ekar ditzakeen. Jakin badakigu epe motzera arazoak eragiten dituela; miokarditisak, esaterako. Miokarditis batek beti eragiten ditu ondorioak. Arazoak ikusten ari gara, baita ere, hilekoarekin, immunologia-mailan, giltzurrun-mailan... Eta ez ahaztu txertoak hilkortasun tasa bat duela. Haur batzuk txertoaren ondorioz hil dira". 

Txerto "zaharkitua" eta "ez eraginkorra"

Martinezek azpimarratu du gaur egungo txertoa zaharkituta dagoela. "Pfizerrek esanda dauka txerto honek ez duela balio omikron aldaerarako, eta laster aterako duela aldaera horretarako espezifikoa dena. Ze zentzu dauka nagusi den aldaerarako balio ez duen txerto bat jartzea umeei eta haurdunei?".

Martinezek defendatzen du txertoa ez dela eraginkorra eta ez zaiela garapen fasean dauden haurrei jarri behar ze albo-ondorio izan ditzakeen jakin gabe. 

"Txertoa ez da eraginkorra. Hilabete gutxi batzuetarako eta gaixotasunaren larritasuna gutxitzeko baino ez du balio. Beno, niretzat ez du horretarako ere balio; izan ere, gaixotasunaren larritasuna jaistea lortu duena birusaren bilakaera naturala izan da. Aldaera gero eta kutsakorragoak ditugu,  baina gero eta oldarkortasun maila txikiagokoak. Hori izaten da birusen bizitza naturala".

Gaixotasunaren larritasuna gutxitu duen bigarren faktorea, Martinezen iritziz immunitate globala edo artalde-immunitatea da. "Jende asko sartu da birusarekin kontaktuan gaixotasuna pasata edo pasa gabe, eta horrek guztiok babesten gaitu".

"Ez zait batere normala iruditzen garapen prozesuan dauden gazteei albo-ondorio larriak eragiten dituen eta eraginkortasunik erakutsi ez duen txerto bat jartzea". 

Haurdun dauden emakumeak

"Haurdun dauden emakumeekin beste horrenbeste gertatzen da. Orain arte haurdun zeuden emakumeei ezin zitzaien ia parazetamol bat ere errezetatu, eta are gutxiago haurdunaldiko lehen hiruhilekoan. Orain, berriz, txertoa jarri daiteke eta hori albo-ondorioak zeintzuk izango diren jakin gabe. Farmazia-konpainiek  argi eta garbi esaten dute prospektuetan ez dakitela zer albo-ondorio izan ditzakeen txertoak haurdunaldietan eta edoskitze aroan. Osasunbideak bere webgunean jasotako medikamentuen fitxetan argi ikus daiteke hori".

Juanjo Martinez zirujaua, Bergaran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak