Martxoaren 8aren inguruko adierazpena kaleratu du Deba bailarako Itaiak. Bost ideia nagusi azpimarratu nahi izan dituzte. Lehenik eta behin, ohartarazi dute, pandemiaren testuinguruan, emakumeen lan baldintzek "okerrera" egin dutela: kaleratzeak, soldatak murriztea, lan zama handitzea... Horrez gain, adierazi dute zaintza-lanen zama ere "areagotu" egin dela testuinguru horretan: "Estatu zein administrazio publikoek geroz eta zerbitzu gutxiago bermatzen dituzte, zama handiagoa emakume langileongan jausiz".
Bestetik, "hipersexualizazioaren normalizazioa" eta "indarkeria matxistaren forma berriak" salatu nahi izan dituzte. "Komunikabide, sare sozial zein pornografiak emakumeen gaineko sexualizazioa eta indarkeria normalizatzen dute", esan dute, eta gehitu dute garapen teknologikoak "indarkeria forma berriak" eratu dituela.
Halaber, erakundeen jarrera ere gaitzetsi dute: "Jendartea gero eta feministagoa aldarrikatzen bada ere, emakume langileon bizi baldintzak okerrera doaz eta instituzioek beraien aurpegi zuriketarako erabiltzen dute feminismoa".
Bukatzeko, Itaiaren esanetan, "estatu sozialista" da "emakume langileen zapalkuntza gainditzeko bermea". "Gaurdanik hasita zapalkuntza ezberdinen aurka antolatu eta borrokatu behar dugu", diote.
Mobilizazioa, martxoaren 8an
Martxoaren 8arako mobilizazioa deitu dute 19:00etan, Bergarako San Martin plazatik. Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki izango da leloa.