2021eko abenduan gertatutako bigarren lur-jausiak eraginda, maldaren mugimenduak zaintzeko eta eusteko lanak berrikusi behar izan dituztela jakinarazi du Bergarako Udalak. Hala, geologoen eta ingeniarien azterketen ostean, malda egonkortzeko bigarren faseko proiektua aldatzea erabaki dute.
"Luiziari lotutako egonkortze neurriekin epe laburrean jarduteko beharra kontuan hartuta", Bergarako Udalak SESTRAri eskatu dio proposamen bat aurkezteko. Proiektu horren oinarri eta behar nagusiak ere finkatu dituzte bi aldeek: trenbidearen plataforma zaharreko bidegorrian eta haren ingurune hurbilean eusterako eta prebentziorako oinarrizko neurriak gauzatzea.
Oinarriak eta azterlana
Bigarren fase horren baitan, bi pantaila dinamiko jarri gura dira mendi-mazelaren oinean, eta beste bi pantaila estatiko beheko plataformaren ertzean, orain daudenen alde banatan. Beheko plataforman ere bi drainatze-jarduera aurreikusten dituzte, bidegorrian. Aldi berean, mendi-hegaleko isurketa-uren portaera aztertuko duen lan bat egin behar dutela ere jakinarazi dute: "Adituek ikusi dute 2021eko euriteetan, 2017koekiko beste norabide bat hartu duela urak, eta, ondorioz, zaintzen ez zen beste puntu ba- tean eragin du kaltea". INGEKek idatziko du lan hori.
Helburua "drainatze-sistemara ura kontrolatuta bideratzeko har daitezkeen soluzioak planteatzea" dela adierazi du Udalak. SESTRAk eta INGEKek egin behar dituzten azterlanen kostua 35.000 eurokoa izango da, eta proiektu horiek "epe laburrean" onartzea eta jarraian lanak hastea espero du Udalak.
Bizilagunak, "zain"
"Denbora tarte honetan egin diren azterketen berri eman eta ondorioen eta aurrera begira egin behar diren esku-hartzeen inguruko informazioa emateko", bertako bizilagunekin batzartu dira asteon Udaleko ordezkariak. Eraikin kaltetuenetako bizi- lagunek azaldu dute Udaletik "kontua serio hartu dela" sentitzen dutela, eta hori "eskertzekoa" dela, baina orain arte "geratuta" egon izana kritikatu dute. "Bost urte igaro dira, eta geratuta egon dira lanak orain arte. Teknikarien azalpenak entzun ostean, ulertzen dugu lekuak berak ez duela interbentzioa errazten, baina neurriak lehenago hartu behar ziren", adierazi du eraikin kaltetuetako bizilagun Santi Arrietak.