Eider Ugalde: "Gatazka ohikoenak bikoteen arteko arazoak izaten dira"

Jone Olabarria 2022ko ots. 18a, 12:02

Neutraltasunari eutsi eta gatazka batean bi aldeen artean egotera ohituta dago bergararra. Oraindik lan "ezezaguna" da bitartekariarena, baina, dioenez, "beharrezkoa".

Ibilbide profesionala garatzen jarraitzeko, aproposa iruditu zitzaion Eider Ugalde Alberdi bergararrari bitartekari hastea. Banku erakunde batean duen lanarekin konbinatzen du bere jarduna. Dioenez, interes handia dago bitartekaritza sektorea garatzen jarraitzeko: "Ez da zerbait berria, baina ez dago profesionalizatuta, eta, alde horretatik, bultzada bat eman behar zaio".

Nolatan bitartekari? Ezagutzen ez duenarentzat, zehazki, zer da?

Labur azalduta, gatazka, arazo edo edozein gorabehera sortzen denean eta norberak ikusten duenean ezin duela bere kabuz bideratu, betiere, abokatuarenera jotzeke edo epaitegira joan barik, konponbide bat bilatzeko modua izan daiteke. Egia da oraindik ez dela oso ezaguna, baina apurka errotzen ari da.

Zein da, baina, abokatuarekin ezberdintasun nagusia?

Bitartekariak ez dizu esango hau egin behar duzun edo bestea. Zuk zeuk erabaki bat hartzen eta gero erabaki hori aurrera ateratzen lagunduko dizu. 

Zer ikasi zenuen lanbide honetan bukatzeko?

Humanitateak eta Enpresa ikasi nituen Mondragon Unibertsitatean. Hogei urtean beste lanpostu mota batzuetan ere aritu izan naiz, beti banku erakundeetan. 2016an formatu eta akreditazioak lortu ostean, bitartekari nabil lanean.

Nola eutsi neutraltasunari? Ez da beti erraza izango...

Ezinbestekoa da. Alde guztiek ikusi behar dute ez duzula inoren alde egiten. Ezin zara posizionatu. Ikusten baduzu inpartzialtasunari ezin diozula eutsi, hobe da kasua utzi eta beste lankideren bati pasatzea.

Eta zeintzuk dira gatazka ohikoenak? Amodio kontuak ala auzokide artekoak?

Bai, ohikoenak bikoteen arteko hausturak eta gorabeherak izaten dira. Auzokideekin ere egoten da saltsa. Neurri txikiagoan, enpresa familiarretan bigarren belaunalditik aurrera arazoak izaten dira seme-alaben artean.

Beti erdian egonda, zer da honek eman dizun onena? Eta okerrena?

Lagungarria izan zarela ikustea da niretzat onena; zuzenean edo zeharka izanda, zerbait positiboa atera dela zuk emandako lagun- tza horretatik. Okerrena, zalantza barik, ezin duzunean arazoa bideratu.

Bi lanbide dituzu dagoeneko. Beste zerbaitetan aritzekotan, zertan?

Ez nuke aldatuko, humanitate eta enpresa arloan jarraituko nuke. Beharrezkoa iruditzen zait gizarterako

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak