Beharren bidean
Hala, errodamendu "berezi" eta sistema irristakorren diseinu eta ekoizpena da, hain zuzen, 1983tik Royde erakunde kooperatibo bergararraren jardunaren oinarria. Amillagatik kontinente osora, 39 urtez ari da bueltaka –2023an beteko ditu lau hamarkada–.
Pertsona dute oinarri, eta, bide horretan, egungo bezeroen zein berrien beharretara egokitutako zerbitzua eskaintzea dute xede. Garaiotako "ziurgabetasun eta globalizazioa" aintzat hartuta, baita epe ertaineko erronka ere.
Jasotakoa, bueltan
"Komunitate bateko kide gara; jasotzen duguna bueltan eman behar dugu". Ez da kasualitatea, beraz, kooperatiba bergararrak urteetan erakutsi duen gizarte erantzukizuna, ezta Ner Group elkartearen parte izatea ere. Ekonomikoki zein borondatezko lanarekin, Caritas erakunde humanitarioa, elikagai bankuak edota Katxalin –Bularreko eta Ginekologiako Minbiziagatik Eragindako Gipuzkoako Emakumeen Elkartea– lagundu dituzte.
Oraingoan, Goienakide izateko erabakia hartu dute, euskarazko tokiko hedabideen zein berau osatzen duten komunitateko kideen errodamenduek buelta ematen jarrai dezaten.