Bergarako Udalak lursailak erosteko deialdia egin du

Txomin Madina Milikua 2022ko ots. 10a, 19:13

Udaletik azaldu dutenez, lursailak erosteak ahalbidetuko du udalerri mailan garrantzia berezia duten eremuetan biodibertsitatea zaindu eta areagotzeko ekimenak abian jartzea.

Herriko lurzoru ez urbanizagarrian lursailak erosteko deialdia egin du Bergarako Udalak, modu horretara herri-lurrak bereganatzen joateko helburua duen erosketa programa bat abian jarriz. "Lurren erosketak ahalbidetuko du udalerri mailan garrantzia berezia duten eremuetan biodibertsitatea zaindu eta areagotzeko ekimenak abian jartzea", azaldu dute Udaletik deialdiaren berri emateko zabaldu duten oharrean.

Lurraren jabetzak lurralde ereduan eta biodibertsitatearen kontserbazioan duen garrantzia azpimarratzen du Udalak, eta hori horrela, lurrak interes publikoaren zerbitzuan jarri behar direla gaineratu: "Herri lurrak funtsezkoak dira lurraldearen kudeaketa jasangarri bat eta beste lur zaintza eredu bat sustatzeko".

Bi hilabeteko epea

Atzoko Gipuzkoako Aldizkari ofizialean argitaratu zen deialdia, eta interesatuek, bi hilabeteko epea izango dute orain haien eskaintzak aurkezteko. Internet bidezko sarrera-erregistroa eginez edo B@Zeko bulegoan dokumentazioa aurkeztuz egin beharko dute hori.

Deialdiaren baldintzak, lursailak baloratzeko irizpideak eta beste argibideak Plegu Teknikoen zein Administratiboen agirietan aurkitu daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak