"Eragozpenak gainditzeko epe nahikoa izatea" esperota, 2022ko urriko lehen asteburura atzeratu dute Donato Goienetxeren musika piezak oinarri dituen musikala. Gaztelerazko bertsioa izango da orduan aurkeztuko dutena, euskarazkoa 2023rako utziko dutela zehaztu dute. Aurretik ere, eta pandemia tarteko, beste hiru alditan moldatu behar izan dute Bergarako estreinaldiaren data.
Ziurtasun barik
Bergarako Musika Eskolako ikasleak, gonbidatutako artistak eta dantzariak batzen ditu lanak taula gainean. Aurretik Bergaran egindako musikalekin alderatuta, aitortu dute ez dela orain artekoak bezain handia izango. Musikaleko eszena zuzendaria den Valen Moñuxek azaldu duenez, atzerapena "ziurtasun ezak bultzatutako" erabakia izan da: "Zazpi musikari, bost pertsonaia protagonista eta bigarren mailako pertsonai ugariekin osatutako taldea gara. Paper bakoitzerako, muntaia profesionaletan, bi abeslari daude izendatuta, baina guretzat ezinezkoa da eta egoera honetan ezin dugu arriskua gure gain hartu".
Maiatzaren 14an Lizarran obra egiteko gonbidapena jaso dutela adierazi du Moñuxek, eta beraz, emanaldi hori estreinaldi bihurtuko dute, osasun arazorik ez badute: "Begien bistako arrazoiengatik, oraindik ezin dugu funtzio hori ziurtzat jo".
Finantziazioa, ezinbestekoa
Obran zehar musikari eta aktoreek maskara erabiltzeak lanaren esentzia baldintzatzen duela azaldu du Moñuxek: "Eszenatokian maskara erabiltzera behartuta gauden bitartean, ezin dugu obra baldintza egokietan egin, obraren ulermena erabat zailtzen duelako eta publikoarekiko komunikazioa galtzen delako". Bestalde, jendeak sarrera ahalik eta gehien erostea behar dutela aitortu du, "hori baita gure finantziazio-iturri bakarra": "Pandemiaren erruz publiko gutxiago badugu, ezin dugu ekitaldia finantzatu".
Entseguetan murgilduta
Azken hilabeteetako lana aprobetxatzeko asmoz, zuzeneko musikarekin, attrezzoarekin eta jantziekin baterako entsegu orokor bat egingo dutela iragarri dute, 50 lagun inguruko publiko gonbidatu mugatuarekin: "Anekdota gisa, azken hilabeteetan egin ditugun saioetan ez dugu entsegurik egin plantilaren ehuneko ehunarekin, beti zegoelako musikariren bat edo abeslari konfinaturen bat".
Afrikako "erritmo biziak", eta jazza fusionatu dituztela azaldu dute, "Amerikako kutsua emateko": "Oso musika aberatsa da, eta musikalki ere musikalaren istorioa islatzen du. Musika ezberdina izanda entsegu asko eskatu ditu, formazio ezohikoa dalako. Saxo, flauta, teklatua, gitarra eta baxu elektrikoak, bateria, perkusio afrikarra...".