Atzo bileran aipatu zutenez, Debagoienan 32 kilometro egingo ditu Martxoaren 31n Amurrion hasi eta apirilaren 10ean Donostian amaituko den Korrikak; Bergaran 11:30ak aldean Osintxutik sartuko da, eta 12:38an Elorregitik irten. Gogora ekarri zituzten Korrika laguntzeko moduak zeintzuk diren: norbanakoek korrika laguntzaile gisa eta merkatari zein ostalariek korrika lagun bezala –bakoitzak nahi duen ekarpen ekonomikoa–. Kilometroa erosteko korrikadebagoiena@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharra dago.
Korrikaren etorrera berotzeko Bergaran antolatuko diren ekintzei dagokienez, atzoko bileran ez zuten ezer zehaztu eta asmoa da hurrengo bileratan zehazten joatea. Korrikaren materiala erosteko aukera egongo da martxoaren 10ean, 11n (Osintxun) eta 12an; www.korrika.eus webgunean erosteko aukera dago dagoeneko. Hurrengo bilera otsailaren 22an egingo dute, udaletxeko osoko bilkuren aretoan (18:30).