1889ko martxoaren 18an inauguratu zen San Pedro parrokiako Stoltz Freres organoari agur esateko ekitaldi sorta antolatu du Bergarako Udalak. Joan zen uztailean iragarri bezala, eta erakunde publikoen, elizaren eta organoaren aldeko elkartearen arteko elkarlanari esker, 132 urtez martxan egon den organoa eraberrituko dute datozen hilabeteetan –468.103 euroko aurrekontua du proiektuak–.
Otsailaren 19an egingo dira bi emanaldiak, San Pedro elizan bertan; eguerdian lehena (12:00), eta iluntzean, aldiz, bigarrena (20:00). Organo doinuak oinarri hartuta, herriko hainbat kultur eragilek hartuko dute parte agurrean.
- Erraldoi eta dultzaineroen emanaldia (otsailaren 19a, zapatua - 12:00). Parte-hartzaileak: Bergarako erraldoi taldea eta Elgoibarko dultzaineroak.
- Agur kontzertua (otsailaren 19a, zapatua - 20:00). Parte-hartzaileak: Bergarako koru parrokiala, Musika Eskola eta Txistulari banda.
2024ko ekainean, bueltan
Behin agur ekitaldiak amaituta, desmuntatu eta Lyongo Michel Jurine etxera eramango dute. Bergarako Udalak ohar bidez adierazi duenez, lan horietan espezialistak dira frantziarrak, eta mundu mailan aritzen dira instrumentuak berritzen eta eraikitzen. Ondo bidean, 2024ko ekainean organo eraberritua Bergaran bueltan izatea aurreikusten dute.