Askotariko eragileek osatu dute Elikadura Mahaia: Bergarako Udaleko ordezkari tekniko zein politikoek, Deba Garaia Debagoieneko Landa Garapenerako Elkarteko, Ereindajaneko, Ehunduko, Eskubaratzako –herriko ekoizleen ordezkari gisa– eta herriko nutrizionisten ordezkariek. Eta gainera, gaiarekin kezka edo interesa duen edozein herritarri irekita dago. Izan ere, "herriarentzat onuragarriak diren proiektuak sortu eta gauzatu" gura dira.
Elikadura burujabetza
Elikadura burujabetzari begira helburua da eragile eta ekimen desberdinak norabide berean jarri eta beraien artean "sareak eraikitzen" joatea. Hala, ekoizpen, heziketa eta kontsumo beharrak lotuta, herri mailako estrategia eta lehen sektoreari lotutako ekintza-plana egingo dute.
Horrez gain, elikadura burujabetza eta agroekologiaren oinarria hainbat arlotan lantzea ere izango du egitekoen artean mahaiak eta gai horri begirako transmisioa ematea ere bai.
Gainera, elikadura kate osoan eragiteko aukerak ikusi dituzte: "Ekoizpenean eragiteak banaketa eta kontsumoa birplanteatzea ekar dezake, eta kontrara, kontsumoan eragiteak ekoizpen behar berriak sortu ditzake. Berdina gertatzen da transformazioarekin, ekoizpena handituz gero transformazio guneetan eragin dezake, eta alderantziz", adierazi dute.
Hainbat erronka
Elikadura Mahaiak hainbat erronka izango ditu, besteak beste, ekoizle gehiago erakartzea, lehen sektorean (auto)enplegua sortzea, agroekologiaren oinarria lantzea eta transmititzea, sentsibilizazio lanak egitea herrian –herritarrekin, Udal barnean eta ekoizle handi zein txikiekin– eta esperientziak elkarbanatzea.
Mahaiak, baina, hiru proiekturi heltzea erabaki du. Alde batetik, lehen sektorearen erreleboari erantzuna ematea, dagoeneko instalatuta dauden ekoizleei lagunduta eta ekoizpen egitasmo berriak martxan jarrita. Beste alde batetik, baserritarren azokaren inguruan hasitako hausnarketari jarraipena ematea, eta bertatik ateratako ondorioak ekintza zehatzetara eramatea. Eta azkenik, herrian dauden hainbat erakundetako jangelatan elikadura eredu jasangarria bultzatzea.
Horrez gain, ekimenak ere bultzatuko dituzte, esaterako, elikadura osasungarria, lurrari lotutakoa eta lan baldintza duinak izango dituen eredua gauza dadin.
Mahaiaren abiapuntua
Nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera profesionalak beheranzko joera nabarmena duela Bergaran zein Debagoienean atzemanda herritar talde bat elkartu egin zen iazko udaberrian lan eta bizi baldintzei eta kontsumo behar berriei erantzuteko. Behar horretatik abiatuta eta azokaren inguruan egindako prozesuak bultzatuta sortu da Elikadura Mahaia, besteak beste, herri mailako estrategia lantzeko eta ekintzak proposatzeko.