Bergarako EAJren udal taldeak prentsa ohar bidez gogoratu duenez, maldak ezusteko berri bat eman zuen 2021eko abenduaren 10ean. "20 euri-egunen ondoren, trenbidean jarritako sare metalikoaren baino ezkerrerago lur jausia izan zen. Maldak bigarren abisua eman zigun... Proiektua eginda dago, lehenbailehen eguneratu eta gauzatu beharra dago. Izan ere, 2019an, aurreko legealdian, idatzi zuen Sestra enpresak egonkortzeko lanen proiektua, baina egungo egoerara moldatu, eguneratu eta exekutatzea falta da, baina noiz egingo da?", galdegin du EAJren bozeramaile Irune Galarragak.
Jeltzaleek salatu dute Boluko malda egonkortzeko proiektua ez dagoela EH Bilduren lehentasunen artean: "Urtarrila amaitu da eta ez da proiektuaren eguneraketarik egin, ezta lizitaziorik ere bere exekuziorako". Beste adibide bat ere jarri dute: "Zubietako proiektua ere idatzita utzi genuen aurreko legealdian eta ia hiru urte pasatu behar izan dira obrak hasteko, espero dugu Boluko maldaren egonkortzea berehala hastea; izan ere, auzokoen segurtasuna eta lasaitasuna bermatzea beharrezkoa da".