"Kezka handia", Bergarako Boluko lur-jausia dela-eta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko abe. 10a, 10:41

Boluko bizilagun batek GOIENAri adierazi dioenez, 2017ko urtarrilean gertatu zen lekutik oso gertu gertatu da lur-jausia. 10:00ak aldera "zarata handi bat" entzun ostean behera etorri da lurra: "Zuhaitz txikiak ari dira erortzen, lurra, ura... Bertako sare metalikoa eusten ari da oraingoz baina ez dakit erabat helduko dion... Udaltzainek etxetik atera gaituzte. Ez dakigu zer gertatuko den; kezka handiz bizi dugu egoera".

Boluko lur-jausia da uneotan kezka handiena eragiten ari dena. Udaltzainek GOIENAri esan diotenez, trenbide zaharreko sare metalikoan geratu da lurra oraingoz baina egoerari "jarraipen zorrotza" egingo diote. Prebentzio neurri gisa 57tik 63ra arteko atarietako bizilagunak etxetik atera dituzte.

Geologoaren azterketaren zain

Une honetan, Udaletxeko aparejadorea dego bertan, "egoera aztertu eta baloratzen". Hala ere, "sakontasunez aztertzeko" geologoaren zain daude: “Aurreko luizia handiaren ostean gune hori babesteko jarritako sare metalikoak apur bat geratu du lur-jausia. Hala ere, sare hori baino pixka bat ezkerrerago izan da oraingoan eta ondo aztertu beharra dago, esaterako bertan makinak sartu eta lan egin dezaketen”.

Goizeko 09:30ak inguruan hasi dira udaltzainak lehen deiak jasotzen. Azaldu dutenez, egin duten lehen gauzak bizilagunak etxeetatik ateratzea izan da, prebentzio neurri gisa. Momentuz etxebizitzak hutsik daudela adierazi dute, baina bizilagunetako hainbat gaur bertan etxera bueltatzea espero dute. Bestalde, trenbide zaharra "behintzat hilabetez" itxita egongo dela zehaztu dute.

Zubieta, zabalik

Bolun soilik ez, ur handiek hainbat buruhauste eragin dituzte. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, 10:00etarako urak behera egin ostean Zubieta kalea ireki dute berriro; Ibaiondoko eremuan ere gainezka eginda dago oraindik. Udaletik adierazi dutenez, ibaiaren joera beheranzkoa den arren, "jarraipen zorrotza" egiten ari dira egoerari. 

Udal langile bat Zubieta kalea garbitzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak