Idoia Herran: "Ipintza bigarren etxea izan da niretako"

Xabier Urtzelai 2022ko urt. 28a, 18:12

Herran, taldekideek egin zioten omenaldian, beheko lerroan ezkerretik laugarrena.

25 urteko erdilari bergararrak futbola uzteko erabakia hartu du belaunak okerrera egin aurretik; emakumezkoen futbolak azken hamarkadan egin duen bidearen testigu izan da Herran, baita klub mailan ere.

Herriko futbol taldean jokatu du Idoia Herranek (Bergara, 1996) gazte-gaztetatik. Orain, 25 urterekin, futbola uztea erabaki du, belauneko desgasteak okerrera egin aurretik. Ez da erabaki erraza izan, eta bizikletan, pedalei eragiten, beteko ditu etorkizunean futbolarekin beteko ez dituen orduak. Taldeak, baina, zale bat gehiago izango du Ipintzako harmailetan.

Zer moduz zaude? Izan ere, halako erabakiak ez dira errazak.

Bai, baina belauna bizitza osorako da eta nahiago dut zaindu. Denboratxoa neraman belauneko minarekin, eta duela hiru hilabete inguru erresonantzia egin zidaten. Belaunean nire adinerako oso ohikoa ez den desgastea dudala esan zidaten, eta hobe nuela futbola uztea. Hori entzunda, ibili naiz beste espezialista batzuei galdetzen, beste iritzi batzuk batzen, eta bai, inpaktuzko kirol jarduerak alde batera uzteko gomendatu didate. Horixe da dagoena.

Denbora tarte honetan jokatzen jarraitu duzu?

Ez. Bueno, Gabonetan taldearekin entrenatu nintzen, sekulako futbol gogoa neukalako, eta ez nuen aparteko arazorik izan, baina denboratxoa neramalako geldirik. Badakit lesioa hor dagoela, eta jokatzen jarraitzen badut ostera ere okerrera egingo duela. Jarraitzeak ez dauka zentzurik.

Partiduak harmailetatik jarraitu behar...

Hantxe izaten naiz. Etxeko partiduetara joaten naiz, eta baita kanpoko partidu batzuetara ere, baina aitortu behar dut inbidia pasatzen dudala.

Urteak egin dituzu futbolean, taldeko beteranoetako bat izango zara...

Badaude ni baino nagusiagoak, baina bai, dagoeneko ni ere taldeko beteranoetako bat naiz.

Eta zer nabarmenduko zenuke urte hauetatik guztietatik? Zer eman dizu futbolak?

Urte hauetan guztietan futbolari esker ezagutu dudan jendeaz geratzen naiz, eta taldean izan dugun giroaz. Azken batean, ia urtero izan ditugu taldean aldaketak, batzuk joan egiten ziren, jokalari berriak etortzen ziren, eta horrek eman dit aukera jende asko ezagutzeko. Niretako bigarren familia modukoa da Bergarako futbol taldea, eta Ipintza bigarren etxea.

Emaitzei begira, denetarikoak izango zenituen, baina azken urteotan Bergara momentu gozoan dagoela esango nuke, Euskal Ligan jokatzen...

Bai, baina begira, horri ez diot askorik erreparatzen. Ez dakit zer egin dudan gehiago, irabazi ala galdu, eta egia da garaipenak beste poztasun bat ematen duela, baina ez naiz horrekin itsutzen den horietakoa.

Ipintza zaharra eta berria ezagutu dituzu. Alde ona... Baita futbolean ere aurrerapausoa emateko. 

Bai, aldaketa handia izan zen. Batetik espazioa bera hobeto aprobetxatzeko aukera ematen duelako, eta aldagelak ere berriak jarri zituzten. Baina futbolean hobeto jokatzen ikasteko ere aukera eman zigun horrek, hareazko zelaietan zaila izaten zen hori.

Pentsatu duzu entrenatzaile hastea?

Oraingoz, ez; lanean ere banabil eta ez daukat denbora askorik. Baina kadete mailako taldeko entrenatzaile izan naiz lehenago ere, badakit zer den eta esperientzia polita izan zen, oroitzapen ona daukat. Etorkizunean ez dakit zer egingo dudan.

Urte hauetan guztietan emakumezkoen futbola asko aldatu da, baita klub mailan ere. Bergaran barrutik biziko zenuen hori.

Bai, borrokan ibili gara gizonezkoekiko genituen ezberdintasunak txikitzen joan zitezen, eta joan gara bidea egiten. Material berbera izatea, arropak eta bestelakoak... Gogoan dut gaztetan inork ez zigula kasu handirik egiten, ez ziguten futbolean jokatzen irakasten, hor geunden, baina... Aldagela bakarra izaten genuen guretako, ordutegi txarrenetan jokatu edo entrenatzen ginen... Zorionez, baina, hori badoa aldatzen; izan ere, entrenatzaile onak ditugu gaztetatik, aintzat hartzen gaituzte, nahiz eta oraindik bide luzea geratzen den egiteko.

Kirolzalea izanda, futbola alboratuta zertan emango dituzu orduak?

Inpaktuzko kirolak ez zaizkit komeni, eta bizikletan ibiltzen naiz gustura. Gimnasiora eta halakoetara ere joango naiz, baina, seguruenik, bizikletak ordezkatuko du futbola.

Batek daki, akaso, futbol taldeak kide bat galdu du, baina Lokatzak irabaziko du.

Kar, kar, kar; ez, ez dut uste bizikleta halako serio hartuko dudanik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak