"Laster" esleituko dituzte Arrizuriaga kultura-gune bidean jartzeko lanak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko urt. 30a, 08:45

Arrizuriaga jauregia.

2012a ezkero itxita dagoen jauregia berritu, egonkortu eta irisgarri egiteko lanak "laster" esleituko ditu Udalak, eta horretarako obrak bost hilabete iraungo luke; Vaumm estudioak idatzi du proiektua, eta adierazi dute eraikinak "aukera asko" ematen dituela.

Gero eta gutxiago falta da Arrizuriaga kultura sorkuntzarako gune izan dadin. Horretarako, baina, jauregia berritu, egonkortu eta irisgarri egiteko lanak abiatu behar dira. Udalak "laster" esleituko ditu lan horiek; kontratazio mahaiko deialdian jasotzen da obra bost hilabetekoa izango dela, eta lizitazioa 593.200 eurokoa –BEZa barne–. Oro har, fatxada konpondu eta garbitu egingo dute, eta kaltetutako egurrak eta beirak ordezkatu. Estalkia berritu eta solairu guztietako zoladura arinak kendu egingo dituzte. Gainera, erdiko sotoan ere esku-hartze bat egingo dute, instalazioen sareak eta etorkizuneko igogailua egokitzeko. 2012a ezkero ez dela jauregia erabiltzen, eta bereziki urak eragindako higadurek eraikinaren egoera okertzen ari dira. 2021eko aurrekontuek partida bat gorde zuten egonkortze lanetarako, eta EH Bilduren Udal Gobernuak kultura arlorako erabiltzea aurreikusten du; EAJk ere kultura arloko coworking-erako bideratuko nahiko luke, herriko elkarteek "kultura, sormena eta berrikuntza" landu dezaten.

Hamar urte erabilera barik

Seminarixoa aretorako ere proiektua egin zuen Vaumm arkitektura estudioak aurreproiektu bat egin du Arrizuriagarako. Jauregiak dituen bi indargune azpimarratu ditu, bereziki, Jon Muniategiandikoetxea arkitektoak: "Batetik, kokapena oso egokia da. Alde zaharrean ez, baina erdigunetik oso gertu dago, eta halako ekipamendu bat izatea erdibide horretan oso aproposa da. Bestetik, jauregiaren ezaugarri fisikoei dagokienez, ez da tamaina oso handikoa eta 1980ko hamarkadan berritu zitzaion egitura Ertzaintzaren komisaria egiteko; horrek esan nahi du egiturak ez duela antzinako patologiarik heredatu. Eta, zalantzarik gabe, eremu osoari balio erantsia ematen diona berdegunea da. Ingurune benetan ederra dela". Leku estrategikoan egonda ere, eta egitura aldetik nahiko egoera onean, erabilera barik egoteak dakarren okertzea gero eta agerikoagoa da. Hain zuzen ere, lehen fasean aurreikusten dena da jauregiaren azala berritzea: "Azken hamar urteotan ura sartzen joan da eta jario horiek eten behar dira lehenengo. Fatxadako eta barruko hainbat garbiketa lan egin ostean eraikina prest utziko genuke ia edozein erabilera emateko; betiere, ondarea zainduta".

"Ia edozertarako" erabili daiteke

Etorkizunean eman ahalko zaion erabilerari dagokionez, Vaummen helburua izango da "ia edozein" erabilera emateko moduan uztea: "Aukera asko ematen dituen eraikina da eta Udalari aurkeztutako proiektuan hori da agerian geratzen dela, ia edozertarako erabili daitekeela Arrizuriaga".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak