Gabonetako XXXI. Gazte Mailako Alfredo Najera Memoriala eta Emakumezkoen I. Gabonetako Txapelketa ziren jokatzekoak eguaztenean, urtarrilak 5, goizean. Emakumezkoetan, Realak, Elorriok eta Bergarak, Ipintzan. Gazte mailako mutilen txapelketan, ostera, Realak, Alavesek eta Bergarak, Agorrosinen.
BKE, Bedelkar eta Fundame
"Aurreko urteko hutsunearen ondoren, ilusio bereziarekin antolatu dugu aurtengo edizioa, Fundame elkartearekin elkarlanean, baina zoritxarrez ez dugu beste aukerarik izan txapelketa bertan behera uztea baino" dio BKEren oharrak. Bi txapelketetarako sarrerak bost eurotan saltzekoak ziren eta haiekin zein Bedelkar elkarteko herriko dendek emandako produktuekin osatutako saskiaren zozketarekin lortutako dirua, haurtzaroko muskulu-atrofia espinal deritzon gaitzarekin lotutako Fundame fundazioari laguntzeko ziren.
Denboraldi amaieran
Hiru elkarteetako ordezkariek aurkeztu zuten txapelketa joan zen astean. Baina, egoerak behartuta, txapelketa atzeratzea erabaki du BKEko zuzendaritzak. Klubetik adierazi dute txapelketan parte hartzekoak ziren talde guztiek, denboraldi amaieran, "txapelketa formatu bera egiteko konpromisoa" hartu dutela eta data zehazten dutenean jakinaraziko dutela. "Ilusio, indar eta gogo berdinekin jarraituko dugu lanean eta egoerak hobera egingo duen esperantzarekin, denboraldi amaierarako gonbita luzatzen dizuegu" amaitzen du BKEren oharrak.