"COVID ziurtagiria lortzeko pertsona nagusiek dituzten zailtasunak" ikusita, San Joxepe Elkarteak Bergarako jubilatu eta pentsiodun guztiei ziurtagiria lortzen lagunduko die. Aste honetan egingo dituzte lehen saioak, gaur eta bihar, eta datorren astean astelehenetik ostegunera bitartean eskainiko dute laguntza.
Boni Laskurain pasealekuan dagoen jubilatuen egoitzan eskainiko dute laguntza 17:00etatik 19:00etara, lehen solairuko informatika gela. Interesa dutenek, mugikorra, Osakidetzako txartela eta NANa edo identifikazio agiria aurkeztu beharko dituzte.
Udalak ere bilera bihar
Bergarako Udalak ere, Kirol eta kultura eragileekin bilera egingo du Covid Ziurtagiri Digitalaren erabileraz hitz egiteko. Bihar, ostirala, abenduak 17, 19:00etan, pleno aretoan izango da.