Larramendi: Bergarako EAJk "arduragabekeria" leporatu dio EH Bilduri

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko abe. 13a, 10:09

Bergarako EAJk ohar bidez leporatu dio EH Bilduren Udal Gobernuari ezker abertzaleak sortutako "alarma sozialarekin" bat egitea eta Udala "auzi judizial batera" eroatea. EH Bilduk Bergara hondakinekin "berriro" nahastu duela uste dute jeltzaleek: "Ezgaitasun eta prepotentzia darabilte euren kudeaketarako, atez atekoarekin egin zuten bezala".

Jeltzaleek Gorka Artola alkatearen "arduragabekeria" salatu dute ohar bidez: "Valogreene afera konpondu beharrean, ihes egiten jarraitzen du, paper hondakinen tratamendu-plantaren alde egin zuelako eta, onartu beharrean, errua beste batzuri leporatzen ari delako. Izan ere, planta horrekin pozarren eta konbentzituta agertu zen enpresaren pilotua ezagutzeko Elxera egin zuen bisitan. Ordurako Valogreene enpresari  Larramendin kokatzeko baimen urbanistikoa emana zion baina bere inguruko taldeen presioen ondorioz bertan behera utzi zuen baimen hori, dekretuz".

Jeltzaleek alkateari egozten diote proiektuak izan dituen "titulu desberdinekin nahasmena sortu" nahia:  "Ondo baino hobeto dakienean Valogreeneko jarduera Elxen ezagutu zuen bera dela, hau da, papergintzako hondakinak tratatuz zeramikak eta gainontzekoak fabrikatzeko substantziak sortzea. Ezker abertzaleak alarma soziala sortu du; izan ere, erraustegia deitzen dio Valogreenen proiektuari, ondo baino hobeto baitaki ez dela hala, birziklatze-planta dela, eta alkateak berak eman diola Bergaran ezartzeko baimena. Hain zuzen ere, gizarte-alarma hori sortu dutenek ziurgabetasun egoera eragin dute eta egoeraren ondorioz Bergarako enpresa bat Arrasatera omen doa".

Jaurlaritzaren txostenaren zain

Bergarako EAJk uste du beharrezkoa dela Bergarako herri osoak jakitea Valogreeneko proiektua Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-inpaktuaren txostenaren zain dagoela: "Hori da txostena egiteko eskumena duena, eta oraindik ez da eman. Udal batek lizentzia ematen duenean, orduan eskatzen zaio Ingurumen Sailari nahitaezko txostena, eta sail hori izango da Valogreene Europako, Estatuko eta Euskadiko ingurumen-legeriarekin bat datorren, eta proiektuan aldaketaren bat egin behar duen edo atzera egin beharko duen esango duena. Hala ere, Valogreeneri lizentzia eman ziona Gorka Artola alkatea izan zen".

Eta jeltzaleen prentsa oharrean zehazten denez Udal Gobernuak "neurrira" egindako txosten bat aurkeztu zuen: "Erraustegiei aholkuak ematen aditua den enpresa katalan batena da, alkatearen lizentzia ezeztatu izana justifikatzeko erabili zena".

Egoera horren aurrean, jeltzaleek alkateari galdetu diote ea zer egingo duen "alarma sozial hori" gelditzeko eta Bergarako enpresak udalerrian geratzeko: "Eskatzen diegu gezurrak esateari utz diezaiotela, euren ekintzen erantzukizuna beren gain har dezatela, oinarri teknikorik ez duen alarma soziala babesteari utz diezaiotela, eta gardentasunez jakinarazi diezaietela zinegotzi guztiei eta Bergarako herriari gure udalerriari kalte handia egin diezaiokeen prozedura judizialaz".

EAJk gogoratu nahi izan du Valogreene enpresak helegitea jarri diola Bergarako Udalari: "Udal gobernuak ez du oraindik ezer esan alkateak berak eragindako gertaera tamalgarri horri buruz. Hau da ezker abertzaleak Bergararen etorkizunari egiten dion ekarpena, "ezgaitasunean eta prepotentzian oinarritutako kudeaketa kaskarra": "Atez atekoarekin egin zuten bezala, Europaren aurkako politika atzerakoiak inposatzen saiatzen ari dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak