Gaur goizean gertatu da lur-jausia, 10:00ak bueltan. Bizilagunen hitzetan, "zarata handi bat" entzun ostean erori da lurra, eta prebentzio neurri gisa Udaltzainek 57tik 63ra arteko atarietako bizilagunak etxetik atera dituzte. "Kezka handia" zen herritarren artean.
Egunean zehar geologoak aritu dira ingurua aztertzen, eta "lur mugimenduren bat" egon dela baieztatu arren, "bizilagunentzat momentuz arriskurik ez dagoela" ondorioztatu dute. Hala eman du jakitera ohar bidez Bergarako Udalak. "Une honetan garbitzen ari dira ingurunea", gaineratu dute, eta lanak amaitzean, "ordu bete barru inguru", itzuli ahal izango dira etxeetara bizilagun guztiak, 57. atarikoak salbu.
57. ataria
Boluko auzokide hauek bigarren baieztapen baten zain egon beharko dute beren etxeetara itzultzeko. Zehazki, "eustorma batzuk" jarriko dira, eta geologoek horiei oniritzia ematean etxeratu ahal izango dira. Bergarako Udalak iluntzean bizilagun guztiak etxera joan ahal izatea aurreikusten du, baina "badaezpada", bizilagunei aterpe emateko tokia aurreikusi dute, baldin eta etxeetarako itzultzeko "segurtasun nahikorik ez bada".