Kukubaso elkarteak ez du zarata handirik atera azken asteotan baina lanean dihardute. Bergarako eta bere inguruko lurretan dauden bertako basoak berreskuratzea dute helburu nagusi eta horrek epe ertain eta luzerako lanketa eskatzen du nahitaez. Bertako basoen ekosistemei lotzen zaien biodibertsitatea mantentzea nahi dute; bertako basoa sustatuz, landareei eta animaliei babeslekua eskainiz eta errekak osasuntsu mantenduz: "Gure bizi kalitatea hobetu eta Bergara bizigarriagoa eraiki nahi dugu; hori guztia, herri-lurren ideia berreskuratuta".
Dei egin dute abenduaren 19an Soraluzen egingo den landaketa batera joateko
Lagata jaso edo erosi
Kukubasoko ordezkariek diotenez, lurjabe batzuek laga diete eremu batzuk eurek kudeatu ditzaten eta, bestetik, lur eremu txikiak erosteko berretsi dute. Aurreratu dute, besteak beste, Osintxun lur eremu bat erostekotan ari direla; bestalde, abenduaren 19an landaketa baten hartuko dute parte Soraluzeko Muskuritxuko mendi gainean: "Lurgaia fundazioko lagunek landaketak nola eta ze filosofiarekin egiten dituzten azalduko digute eta jarraian bertako zuhaitz espezie ezberdinak landatzeari ekingo diogu". Abenduaren 16rako eman behar da izena: soraluzekobasobiziak@gmail.com.
Kukubasok 80tik gora bazkide ditu gaur egun eta pozik daude kopuru horrekin, baina 2022ra begira gehiago beharko dira: "Urtea bukatu aurretik beste bazkidetza kanpaina bat abiatu nahi dugu, 2022rako jende gehiago beharko dugulako". Norbanakoen ekarpenez gain, beste eragile batzuen ekarpena ere "ezinbestekoa" dela diote, eta gaiaz sentsibilizatzea, esaterako, lortzen ari diren helburu bat dela diote: "Herritar askori begiak ireki dizkiegula igarri dugu... Bestalde, eskola agendan bertako basoa aukeratu dute gai moduan eta ikasturte amaierarako egitarau bat dugu aurreikusita, ikastetxeekin eta Udalarekin elkarlanean".
Bertako basoa, "ia erabat galduta"
Kukubasok ekainean San Martzialen egindako lehen ekintzan Iñaki Madinabeitia adituak azaldu zuenez – argazkian–, bertako basoa "ia erabat galduta" dago gaur egun Bergaran. Ez dago harizti, pagadi edota bertako espeziez osatutako basorik. "Egitura begetal oso pobrea dugu eta elkarren artean ez dute konexiorik; horrek hainbat arazo sortzen ditu".