Memoria historikoarekin lotutako lana dela azaldu du Zabalzak. "Biktima bakarrak ez dira ETAk eragindakoak. Bestelako biktimak ere badaude, eta nire lana ahanzturaren aurkako lana da. Ez da inoren kontra egindako lana". 105 biktimaren senitartekoekin izan da Zabalza, eta argazkietan jaso ditu gehienetan senidea eraila izan zen lekuan. "Biktima batzuk aski ezagunak dira; esaterako, Lasa eta Zabala, Mikel Zabalza, Argala, Naparra..., baina badaude beste kasu batzuk ezagunak ez direnak", esan du.
Udal zinegotzi askoren aurrean egin du aurkezpena. Gorka Artola alkatea ere bertan zen. Argazkilariak azaldu du 105 argazki egin dituela Euskal Herri osoan zehar. "40.000 kilometro egin ditut autoz alde batetik bestera, eta hau da emaitza. Emaitza oso ona dela uste dut". Erakusketaren izenburu berdina duen argazki-liburua ere argitaratu du Euskal Memoria Fundazioa argitaletxearekin.
Erakusketan ikusgai dauden argazkietan biktimen senitartekoak agertzen dira eta baita ere familiek utzitako familia-albumeko irudi bana. "Senitartekoak harrera ona egin didate. Hasierako elkarrizketan ez, baina hurrengo saiakeretan eta nire motibazioa eta zer eta nola egin nahi nuen ondo azalduta ez dut inolako arazorik izan".
Hain zuzen ere, Agiriano Barandiaran familiako bi kide izan dira erakusketaren irekiera ekitaldian. Gamarra Atea kalean hil zituzten tiroz Victorino Agiriano Kortazar eta Maria Angeles Barandiaran Larrañaga Polizia Nazionalaren kontrol batean Bergarara bueltan zihoazela. Semeetako bi izan dira ekitaldian. Eskertuta agertu dira Zabalzak egindako lanagatik eta gurasoen memoria gogora ekartzeagatik. Debagoieneko biktima gehiago ere jasotzen ditu erakusketak.
Gogoan hartzeko izenak abenduaren 12ra arte egongo da zabalik Bergarako Aroztegi aretoan. Ordutegia da martitzenetik barikura 18:00-20:30, zapatutan 12:00-14:00 eta 18:00-20:30, eta igande eta jaiegunetan 12:00-14:00.